andoni egana
HITZ ETZANAK

Baina

2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bada esaldi modu bat azken urteetan askotan erabili izan dena. Bikotekide maiteminduak hala aitortuko dizu: «Jorge izugarri zahartuta dago. Baina nire zaharra da». Futbolzale amorratuak hala esango du bere taldeko jokalari gatazkatsuaz: «Jokoan zerri bat izan daiteke Peio. Baina gure zerria da». Ez dira etsipena azaltzen duten esaldiak. Dira edozein egiazko atxikimenduren gaineko zergen aitorpenak.

Txikitua dago hiru zatitan baina gure puskak dira; lokartua dago aspaldian baina gure loa da; gurea ez den hizkuntzan hitz egitera behartzen gaituzte askotan, baina gure herrikideak dira; injustizia habia da lurralde hau, baina zure lurraldea da; egoera ezin iraulia sumatzen duzu, baina gurea da ezin iraulia; ardo mindua edanez segitzen dugu Historiaren tabernan, baina gureak dira bai Historia, bai taberna eta bai ardo mindua; gure telebistak gehiago du katetik kanaletik baino, baina gure telebista da; klik bat eginez osatzen dugu erosketa-karrotxoa, baina gure klik-a da; tren baten aitzakian zuloz eta tunelez bete dituzte bazterrak, baina gureak dira nahi ez genituen tunelak eta maite genituen bazterrak…

Amairik gabeko «baina» zerrenda bat da Aberria. Atxikimendu baten gaineko zergen aitorpena. Eta horretan ez dago tranparik egiterik…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.