andoni egana
HITZ ETZANAK

Pena

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Mendian hiltzen diren horiek ez didate penarik ematen; lanean hiltzen direnek ematen didate pena niri», esaten zuen aspaldidanik adiskide batek. Joan den aste honetan ez dut izan haren hitzak burutik saihesteko modurik. Lau hildako lanean —kamioi gidari, basoan, garabi baten puntan…—eta hildako mordoa Everesten ere. Eta nago, lehen ez bezala, pena handiagoa sentitu dugula gugandik gertu eta beharrean hil direnengatik, urrun eta beraiek nahi zutena eginez hil direnengatik baino.

Kontatzeko moduak aldatu dira. Lehen, lan-istripuak oso letra txikitan publikatzen ziren. Orain, zorionez, letra larritan argitaratzen dira hain kontu larriak. Lehen, Himalaiaren irudirik ederren eta epikoenak baino ez zitzaizkigun iristen. Orain, nazka ere ematen du gailurretik hurbil halako inurri-ilara ikuste hutsak.

Zer kontatzen diguten, hura sentitzen dugu. Eta Everesten hil den pertsona bat, hara joateko dirua biltze aldera bere ingurunean lanean ari zela, garabi batetik erorita hil izan balitz, zer? «Bera balitz garabira igo eta jausi dena, pena. Negozio bat montatu dirua ateratzeko eta beste bat bidali badu garabi muturrera, batere penarik ez Everesten hiltzen denean», botako luke nire adiskideak. «Zamaketariek bai, ematen didate pena…»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.