andoni egana
HITZ ETZANAK

Orain ere

2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
«Bazetorkiguk orain ere…», bota zuen, kopeta belztuta. Ez zen sentimenduak azaldu zale. Bekokiko ximurren erretenen sakonean baino ez zenion sumatuko noiz zegoen pozik, noiz kezkatuta, noiz haserre…

«Bazetorkiguk orain ere…», bota zuen bere jirakoak mutu geunden bitartean. Hirurogeita hamar urteak beteak zituen ordurako, eta bera zen kuadrilla hartan eskarmentu handienekoa. Nekea sumatu nion lehen aldiz. Gurpil zoro batean sartzeko gogorik eza. Akidura. Mina baino minzorria. Orain ere hark bazuen zentzua bere ahotan, lehen-goak bizi eta nozitu izandakoa baitzen. Bazetorkiguk hari, berriz, mila buelta eman nizkion buruan ondorengo egunetan. Zer zen zetorrena? Eta, batik bat, nor ginen gu hori? Euskaldunak? Guztiak?

«Bazetorkiguk orain ere…», bota zuen itzal handiko pertsona edadetu hark Miguel Angel Blanco hil zutela jakin genuen larunbat ilunabar hartan. Edo igual ez zen larunbata eta oker nabil. Eta litekeena da zehatz-mehatz hitz horiexek ez izatea berak bota zituenak. Igual bota zituen tankerako beste batzuk eta nire oroimenak komenentziara egokitu ditu. Iraultza erdi-etsiaren balada-ren lehen ahapaldiak hala dio: «Ez genbiltzan zuzen. Uste genuen etorkizuna zela alda zitekeena. Ez, ordea! Iragana baino ez daiteke alda…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.