HITZ ETZANAK
Nekea
Norbere nekeak handia behar zuen handia, aitortzekotan. Egingo nuke bizitzako lehen erdian, «neka-neka eginda nago» gehiagotan entzun izan nuela «nekatuta nago» soila baino. Nekatuta solik zeundela aitortzea belaxkarena zen nonbait, kexu funtsik gabea, aitzakia hutsa. Nekeak, aintzat hartzekotan, neke-neke izan behar zuen gutxienez. Gerora, ikasi dugu «nekatuta nago» soila dioenak ere begirunea merezi duela, inor ez dela nor besteren nekearen txiki-handiak neurtzeko. Gure osasunari segur aski ongi etorriko zaio aldaketa…
«Ekonomiaren urte amaierako nekea azaleratu da langabezia datuetan ere» irakurri ahal izan genuen berripaper honetan joan zen ostiralean. Jontxo! Substantiboak ematen dio esaldiari aditzak ematen ez dion indar bat! «Nekatuta nago»-k oraindik ere mesfidantza sor dezakeen bezala, «nekea sentitzen hasi naiz» dioenari inork ez dio gaizki begiratuko. Eta, gainera, ekonomia da urte amaieran nekea sentitu zuena! Deskubrimendua. Poesiarako.
«Sukaldeko erlojua nekeak menpean hartu du», esan genezake bost minutu atzeratu dela jabetzean; «Nire eskuzabaltasuna aspaldi jo zuen nekeak» erantzun, zuk baimenik eman gabe paparrean auskalo zeren aldeko pegatina itsatsi eta potoa luzatzen dizunari; «nekeak jotako ardoa edan behar izan genuen»…
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.