andoni egana
HITZ ETZANAK

Bota!

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Azken astean Espainiako Diputatuen Kongresuan Manuel Azañaren aipamenak egin dituzte Pedro Sánchez, Ines Arrimadas, Pablo Casadok… Hark botatako handienak ez dituzte, ordea, argitara atera. Eta nik, iraintzea Arte bat baita, eta itzultzea bestea, ariketa egin nahi izan dut Azañaren esaldirik larrienetakoak hona ekarriz.

Hala esan zuen behin batzuengatik: «Taberna-zuloko politika, gaitasunik gabea, lagunen arteko konpontxoa, diru-gose eta partilakoa, ideia taxuzkorik ez duena». Beste batzuengatik: «Zokormazoak, zoro-txoroak, jende eraginerraza, arina, sentimental hutsa eta buru gutxikoa». Honakoa ere berak botea omen da: «Ez zait axola politikari batek hitz egiten ez jakitea; kezkagarri zaidana da zertaz hitz egiten ari den ez jakitea».

Kataluniarrez eta euskaldunoz ere epelak esandakoa da, baina ez beti norabide berean. Garaiak aldatuz joan ziren nonbait, eta nazionalismoei neurria hartzeko bere moduak ere izan zuen aldaketarik. Nolanahi ere, ezin ukatuko dugu esaldi on askoak utzi zituela Espainiari buruz. Bat hau: «Espainiarrok dakigunaz bakarrik hitz egingo bagenu, isilaldi luze bat sortuko litzateke, agian pentsatzeko aukera emango ligukeena». Honakoa bestea: «Espainian sekretu bat gordetzeko modurik onena liburu batean idaztea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.