andoni egana
HITZ ETZANAK

Gorputzetik

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Ikasturte hasiera. Asmoak berritzeko sasoia. Yoga, pilates, spinning, igeriketa… Ikastaroetan izena emateko garaia. Gorputz-buru konexioak hartu du zentraltasun bat, lehen ez zuena. Eta ongi iruditzen zait. Nork geure gorputzetik kantatzen genuela eta horrelakoak entzuten hasi nintzenean txineraz ari ote ziren iruditu zitzaidan. Baina ari naiz ikasten. Edozein bihurgune da on, eskema eginei bihurritu bat emateko.

Gorputz-ariketa ohiko eta arrunt asko, ordea, nola izendatzen diren ere ahaztu egin zaigu. «Nagiak atera»-ren ordez, «pilak jarri» esaten da orain, menpeko, beti menpeko; «zintz egin»-en ordez, «mukiak kendu»; logureari inor gutxik deituko dio «Txomin»; «beherakoa»-ari «diarrea» deitzea errazagoa da; «doministikua»-ri «atxis» deitzen zaio… Akaso, «kontrako eztarria» da salbatu den esamolde bakarretakoa, «beste aldea» esateak zama politiko handiegia baitu oraindik guretzat.

Baina ez da hizkuntza kontua solik. Hizkuntzak begien bistan jartzen digu gure gizartearen izaera anpulosoa. Gaur egun, maizago entzuten da «zin egin», «zintz egin» baino. Eta hori ez da ez normala eta ez sanoa. Zin, bizitzan lau-bost aldiz egin behar litzateke. Zintz, egunean bost-seitan. Zergatik darabilgu bata ahotan hainbeste eta bestea hain gutxi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.