andoni egana
HITZ ETZANAK

Auzolana

2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Hitzek esan nahi dute garai bakoitzean esan nahi dutena. Hitz bakoitzaren esanahia aldatuz joaten da denborarekin, askotan, erroetarako bidea lauso bihurtzeraino.

Azkenengoz atzo entzun nuen ditxosozko hitza: auzolana. Erabiliaren erabiliz maiztu egingo dugu erabat. Atzo, Urkullu Lehendakariak erabili zuen -beste behin ere- Fabrika deritzan egitasmoaren aurkezpenean. Hitz giltzarria da nonbait auzolana. Hitz kuttuna. Hitz ia magikoa. Esazu «auzolan» eta sendatuko naiz. Baina, non eta Fabrika-ren aurkezpenean erabiltzea, gehitxo iruditzen zait. Definizioz, fabrika lanerako da, ez du beste itsasgarririk behar. Eta nagusi onbera tokatzen bazaizu, eta talde egokia, gehienez ere elkarlanean egingo duzue aurrera.

Hogeigarren mendearen bigarren erdikoa naiz, eta kalekoa. Ni al naiz bakarretakoa elkarlana eta auzolana bereizten ez dituena? Biak gauza bera dira? Ezetz sumatzen dut. Orduan zergatik darabilzkigu sinonimotzat? Zer da bata eta zer bestea? Zein da bietan inklusiboen? Zein dago unean uneko interesei lotuagoa? Gai honi buruz oso gutxi dakidana naiz. Norbaitek azalduko ahal dit noizbait xehe-mehe! Bitartean, hitz magikoa nonahi entzunez segituko dugu. Eta badakizue: dena auzolan bihurtzen den unean, deus ez da auzolan izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.