andoni egana
HITZ ETZANAK

Biak batera

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Eguneroko bizimodua eta artea. Askotarikoak dira euren arteko harremanak. Askotan, elkarrengandik urrun sumatzen ditugu. Besteetan, elkarri arrima-arrima eginda. Egunkari honen atzoko lehen orria da adibide polita. Goialdean, Volkswagenen 600 lanpostu gal daitezkeela iragartzen digun berria. Azpialdean, Gasteizko Artiumen egingo den erakusketaren albistea, Oteizaren Arantzazuko apostoluen argazkiz jantzia.

Volkswagenen zuzendaritzak ezustean jakinarazi dio langileen batzordeari auzitan dagoela bateriak muntatuko dituen lantegia Iruñean jartzea. Euskal Herritik urrun hartutako erabakia. Seiehun langilek kalera joan beharko lukete. Ez legoke guztientzat tokirik. Oteizak alderantzizkoa egin zuen argazkiko apostoluekin. Beti hamabi izan zirenak hamalau bihurtu. Ateraldiaren arrazoiei buruz galdetu zioten: «Zergatik jarri dituzu hamalau apostolu?». Ezaguna da bere erantzuna: «Gehiago ez zirelako kabitzen!».

Beti pentsatu izan dut manifestazio-buru baten itxura oso-osoa duela apostoluen ilarak. Gerriz behera pankarta bat jartzea baino ez zaie falta. «Volkswagen: guztiok kabitzen gara» izan daiteke leloa. Eta egingo nuke, Oteiza ez litzateke kexatuko. Bere lanari bizia eman diotela esango luke segur aski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.