andoni egana
HITZ ETZANAK

Interesgarria

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ona ala txarra; egokia ala traketsa; kalekoa edo balekoa. Edozeri buruzko balorazioa egin genezake. Azken boladan, interesgarri ala ez interesgarri dabil purian. Halako idazle interesgarria iruditzen zait. Halako ez. Horrela mintzo denak, epaia objektuaren kalitatean jarri ordez norberarengan sortzen duen sentimenduan ipintzen du, eta inork ez dio esango sentimendu hori egiazkoa ez denik.

Baina zer da niretzat interesgarria? Hori epaitzen ere ez da erraza. Gipuzkoako Txirrindulari Federazioko buru den Santi Osororen hitz batzuek jarri naute argi bidean. Herrietako karrera ziklistak antolatzeko zailtasun gero eta handiagoaz ari zen. Nola gero eta bidegurutze gehiago zaindu behar den; nola bolondres lanerako erreleborik ez den sumatzen; nola Ertzaintza gero eta juxtuago dabilen motozaleak bidaltzeko; nola garestitu den dena… Eta orduan bota zuen esaldia: «Oso ongi dago Frantziako Tourra hona etortzea, baina Izagirretarrak edo Alex Aranburu bezalakoak alebinetan edo infantiletan hasiak dira. Ezin diozu Amazoni eskatu 12 txirrindulari World Tour mailakorik ekartzeko. Oinarrian urteetako lanik ezean, alferrik gabiltza».

Orain badakit niretzat interesgarria gerta dadin zein den lehen koska: Amazonek ezin ekar dezakeen zerbait izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.