andoni egana
HITZ ETZANAK

Itsasoan

2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arotzen esamoldea zen: «Bi aldiz neurtu eta behin ebaki». Bazuten eskarmentua nonbait. Bazekiten behin bakarrik neurtuz gero, arriskua izaten zela bi aldiz ebaki beharra izateko. Errazagoa da neurtzen mozten baino…

Dena neurtuko da gaur Kontxan. Ongi neurtuak egongo dira ziabogara arteko metroak; neurtua egongo da kale bakoitzaren zabalera; ongi neurtuko dituzte traineru bakoitzak egindako metroak, olatuengatik, haizearengatik, korrontearengatik edo dena delakoarengatik ez baitu traineru bakoitzak metro kopuru bera egingo. Telebistako grafismoari esker, etxetik ikusi ahal izango dugu noiz eta zenbat sartzen den traineru bat bestearen kalean. Itsasoa Itsaso izan, ordea. Eta ez litzateke harritzekoa hainbat neurgailu erabili arren xextrak sortzea.

Horrexegatik eragin dit ezinegona Aljeria eta Maroko arteko itsasertzetik heldu den berriak. Itsasertza zaintzen duen polizia aljeriarrak bi gazte hil ditu tiroz. Itsas-motoan zebiltzan, eta baimenik gabe sartu ziren Aljeriako uretan. Lekuko izan zen hildako baten anaiak kontatu duenez, hamarren bat metroko deskuidua izan zuten. Non, eta itsasoan hamar metro. Berdintsu dio ehun baziren. Edo mila. Argi dago poliziek, arotzek ez bezala, badutela ohitura behin bakarrik neurtu eta bi ebaki egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.