andoni egana
HITZ ETZANAK

Estalpea

2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Etxegabe bat hilda azaltzen delarik, beti sentitzen da bihotzean zimiko bat. Zerbait egiten dugu oso gaizki etxe huts mordoa dagoen bitartean pertsonaren batzuek etxerik ez izateko.

Abenduaren 24tik 25erako gauean hiltzen bada pertsona hori, ez da etxegabea soilik. Estalperik gabea ere bada. Eta horrek atximur handiagoa egiten digu erraietan, gure jai eta kale-argiek, opari eta neurriz gorako otorduek, estalpe bila zebiltzan arotza eta emakume haurduna baitituzte aitzakia. Fantasia handirik gabea, baina haiek bat aurkitu zuten sikiera…

Pertsona estalperik gabeko hori gau seinalatu horretan, zure herrian bertan eta Torre Luzea parkean hil bada, zimikoak izan dezake poesiarako bidea hartzeko tentazioa. Ongi baitakizu hantxe hil dela, juxtu hantxe, umetan zure jolasleku izandako parke hartan, non zure tema izaten zen urmaeleko arrain gorrixkak eskuz harrapatzen ahalegintzea. Hantxe hil da, Lizardiren irudiaren begiradapean eta Basarriren bustoaren bizkarra balizko babes. Ez zion Basarrik 1935eko Txapelketa hari eman zion hasera baikorra emango atzoko egunari: «Uso zuri bat inguratu zait goizean egun argitzez...» Lizardik ere ez zuen «Ots! Ots! Biziok oinok…!!» idatziko. «Hotz» idatziko zukeen atzo. Hotz, estalperik gabe hildakoaren oinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.