Txile

Umeak lapurtzeko sare ezkutua

Pinocheten diktaduran, Europako eta Ipar Amerikako hainbat familiak modu irregularrean adoptatu zituzten 8.000-20.000 ume eta jaioberri txiletar, denak ere familia pobre eta gazteetakoak. Asko eta asko, maputxeen komunitatekoak ere bai.

Modu irregularrean adoptaturiko biktimen talde bat, protestan. CIPER.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Augusto Pinocheten diktaduran, 70eko eta 80ko hamarkadetan, Europako eta Ipar Amerikako hainbat familiak modu irregularrean adoptatu zituzten 8.000-20.000 ume eta jaioberri txiletar, denak ere familia pobre eta gazteetakoak. Suediara eraman zituzten asko eta asko; hain zuzen, Suediako Adopzio Zentroa funtsezkoa izan zen sare hartan. Pobrezia apaltzeko estrategia gisa hasi zen dena, baina negozio zinez oparoa bilakatu zen azkenerako. Haur haietako 260k, heldurik gaur egun, nondik datozen jakin nahian ibili, eta aurkitu dute beren familia biologikoa, baita jaiotzako identitatea zein zuten jakin ere. Txileko eta Suediako hainbat elkarte presio egiten ari zaizkie gobernuei, pertsona horiei bilaketa lanean lagundu diezaieten eta gertatutakoaren erantzuleak aurkitu ditzaten. Oraingoz, ordea, ezezkoak besterik ez dituzte jaso.

Biktimak pobreak ziren, baina, horrez gain, asko eta asko maputxeen komunitatekoak ere bai; adibidez, Maria Diemar. Txile hegoaldean jaio zen, 1975eko uztailaren 3an, eta Suediara eraman zuten hamar hilabete zituela. Aireportura heldu zenean, Txileko pasaportea zekarren, baita nortasun agiri bat, Temucoko Adingabeen Epaitegiaren sententzia bat eta jaiotze agiria ere: «Dokumentu haietan, Txileko nire amaren izena ageri zen. Zenbait agiri Suediako Adopzio Zentroan artxibatu zituzten, baina beste zenbait nire gurasoek gorde zituzten».

Gertatutakoa zehaztu du Diemarrek: «Hiru urte nituela, nire neba iritsi zen Suediara, eta gurasoek azaldu zidaten ni ere hegazkin batean iritsia nintzela, eta Txileko gure familiek ezin gintuztela zaindu, pobreak zirelako, eta gazteak. Niretzat, abstrakzio hutsa zen Txile, baina, 10 urte nituela, sententziaren itzulpen bat erakutsi zidaten, eta neure kabuz irakurri nuenean bizitza aldatu zitzaidan: orduan jakin nuen nire ama Txilen zegoela, eta erabaki nuen bilatu egin nahi nuela, gaztelania ikasi behar nuela, eta Txileren inguruko informazioa bilatu».

Noiztik

Pinochetek 1973an boterea hartu aurretik hasi ziren nazioarteko adopzio haiek, baina 1978rako politika publiko bihurtuak ziren jada. Estatuak ama ugari estutu zituen beren haurrak entregatu zitzaten, eta, diktadurak izua hedatuta, ez zen erresistentzia handirik izan. Karen Alfaro historialariaren ustez, «periodizazioaren auzia garrantzitsua da, irizpide politiko bat baita». Alfarok, hain justu ere, ikerketa akademiko bat egina du gai horren gainean; nazioarteko zenbait hedabidek eman zuten haren berri, The Guardian-ek eta Suediako Dagens Nyheter egunkariak besteak beste, eta zalaparta piztu zen mundu osoan. «Diktaduratik kanpo ere gertatu zela esatea auzia despolitizatzea da. 1965etik 1988ra, indarrean izan zen adopzioak legitimatzeko lege bat, jendearen jatorria ezabatzea ekarri zuena. Lege esparru hartan egin ziren adopzio asko, baina bereizi egin behar dira adopzio nazionalak eta nazioartekoak. Adopzio internazional gehien-gehienak diktaduran egin ziren, lege haren abaroan, baina baita diktadurak nazioartean egindako sustapen politikaren abaroan ere».

Seme-alabak entregatzeko estutu zituzten emakumeen aurreneko lekukotzak 70eko lehen urteetan hasi ziren entzuten, baina auzia ez zen 2017ra arte sartu agenda publikoan, urte hartan Alejandro Vegak Chilevision katean egindako dokumental batzuen bidez. Ama haietako asko engainatu egin zituzten: batzuei esan zieten haurra hilik jaio zela, eta ez zieten utzi gorpua ikusten, ezta heriotza agiririk eman ere; beste batzuei, berriz, paper batzuk sinarazi zizkieten umea eman nahi zutela onarrarazteko, baina askok ez zekiten ez irakurtzen eta ez idazten.

«Nire ikerketan, lortu dut erakustea diktadurak interesa zuela adopzioa sustatzeko Txileko erbesteratu ugari hartuak zituzten herrialdeetan; batetik, diktaduraren kontrako kanpaina arintzeko, eta, bestetik, sektore kontserbadoreekin aliantzak egiteko», azaldu du Alfarok. «Suediaren kasuan, lotura bat eratu zen Suedia-Txile eskuin muturreko elkartearekin —naziak ziren—; haiek Txileren aldeko kanpaina bat sustatu zuten, negozioak eta harreman diplomatikoak egiteko. Hala, harremana sortu zen Suediako Adopzio Zentroarekin, zeinak diktaduran instituzio publikoen bitartez jardun baitzuen Txilen —Haurraren Etxe Nazionalaren gisako instituzio publikoen bitartez— eta goi funtzionarioekin sareak osatzea ere lortu baitzuen. Zentro hark ordezkari bat zeukan Txilen: Anna Maria Elmgren». Vegaren dokumentaletako batean agertzen da Elmgren, eta guztiz funtsezkoa izan zen sare hartan.

Suediarra zen Elmgren, eta 1965ean heldu zen Txilera. Suediako Adopzio Zentroaren bitartez antolatzen zuen haurren bidalketa. Txileko adopzio legeak, berez, exijitzen zuen umeak Txilen geratzea bi urtez, harreran, atzerriko adopzio prozesua hasi aurretik, baina epaileak Elmgreni baimena eman zion Maria Diemar herrialdetik ateratzeko hark bi hilabete besterik ez zuela. Formulario ofizialetan, behin eta berriz azaltzen da Elmgren tutore gisa Diemarrenaren gisako kasuetan, hots, Suediako adopzio lasterretan. Adopzio gehien-gehienetan, lege prozesua atzerrian osatu zen.

Maria Diemar

«Ama nola deitzen zen jakinda, pentsatu nuen erraza izango zela hura aurkitzea, baina ez zen hala izan», kontatu du Diemarrek. «20 urterekin hasi nintzen bila, 1995ean, baina inork ez zidan informaziorik eman: ez Suediako Adopzio Agentziak, ez Txilen bisitatu nituen erakundeek. Santiagon, ordea, Erregistro Zibileko emakume batek esan zidan bizirik nuela ama, ezkonduta zegoela eta hegoaldean bizi zela oraindik, baina ezin zidala eman harekin harremanetan jartzeko biderik». 1998an, agentziak hots egin zion Diemarri, eta emakume txiletar baten kontaktua eman: hain zuzen, Diemar herrialdetik atera aurretik Santiagon hura zaindu zuen emakumearena. «Deitu, eta harengana joan nintzen. Hura bizi zen auzoan, baziren beste hamar emakume 70eko eta 80ko hamarkadetan agentziarentzat umeak zaintzen ibiliak. Zaindu ninduen emakume hark, Titak, kontatu zidan 300-400 ume zainduak zituela berak. Haren ahizpa, Teresa, Vegaren dokumentaletan azaltzen da, eta kontatzen du nola ordaintzen zioten lan hori egiteagatik». Garaitsu hartan, Diemar ulertzen hasi zen antolatutako sare bat zegoela.

Diemar Suediara itzuli zen, eta agentziari presio egin zion bilaketa hartan lagundu ziezaioten, baina ez zuen lortu. 2003ra arte ezin izan zuen aurkitu ama, eta kazetaritzako ikasle txiletar batek eta bere osabak lagundu zioten horretan. Hain zuzen, Diemarrek seguru-seguru jakin zuen, ama bizirik zuela ez ezik, amak sekula ez zuela adopzioan eman nahi izan. Gerora ezin izan du aurrez aurre ezagutu ama biologikoa, hura ezkonduta dagoelako eta beldur delako nola erantzungo duen senarrak istorio horren berri jakitean, baina modua izan du anai-arreba batzuekin harremanetan jartzeko, eta, haien bitartez, argazki batzuk ikusi ditu, zenbait gutun jaso, eta, inoiz, ama biologikoarekin telefonoz hitz egiterik ere izan du.

Ikerketa batzordea

Azken hamar urteetan, adopzio irregular horien frogak aurkitu dituzte zenbait kazetarik eta ikertzailek. Alfarok jakin zuen haur bakoitzaren truke 6.500 eta 150.000 dolar artean pagatu zietela Europako eta Estatu Batuetako familia haiek nazioarteko agentziei, eta haur «aproposak» identifikatu eta senide biologikoengandik bereizteko prest zeuden profesional txiletarrei ematen zitzaiela diru horren parte bat.

2018ko irailean, haur haiei ebatsitako identitatea argitzeko lanean ziharduten organizazio batzuek presio eginda, Txileko Kongresuak ikerketa batzorde bat eratu zuen, eta zenbait haurren, zenbait amaren eta instituzioetako eragile batzuen lekukotzak bildu zituzten. 2019ko uztailean, 144 orrialdeko txosten bat atera zuen batzordeak, eta argitara eman zuen osasun arloko «mafia» profesional batzuek haurtxoen horniketa etengabea bermatu zutela «negozio oparo» baten bidez, eta praktika hori sofistikatuz joan zela, gainera, denborak aurrera egin ahala, diktadura frankistak ohi zuen moduan.

«Diktadurak Adingabeen Plan Nazionala sortu zuen, eta, haren bidez, adopzioa sustatu zuen, kudeaketetarako denbora laburtu, eta eskabideak Haurraren Etxe Nazionalean zentralizatu; instituzio hartan jarduten zuten Suediako Adopzio Zentroko ordezkariek». Halaxe dute zehaztua txostena egin zuten ikertzaileek. Agiri asko falta direnez —adopzio legeak baimena ematen baitzuen dokumentuak erregistro publikoetatik ezabatzeko—, ikerketa batzordeak proposatu zuen beste batzorde bat sortzea auzi horiek herrialdean bertan eta nazioartean ikertzeko, baita DNA banku bat eratzea ere, familia biologikoak errazago aurkitu ahal izateko.

Urtarrilean, ordurako txostenaren emaitzak plazaratuta zeudela eta zenbait ikerketa prentsan zabalduta, hala Txileko Gobernuak nola Suediakoak men egin behar izan zioten presioari, eta adierazpen publikoak egin behar izan zituzten. Hernan Larrain Txileko Justizia ministro izandakoakiragarri zuen plan pilotu bat abiaraziko zutela zazpiehun adopzio ilegalen biktimei beren familia biologikoa aurkitzen laguntzeko. Otsailean, arau proposamen bat aurkeztu zen jatorrizko identitatea jakiteko eskubidea konstituzio berrian sartzeko, baina bozketan, duela egun batzuk, botoen ia erdiak kontrakoak izan ziren, eta bertan behera geratu zen. Alfarok espero du arau berri hori sortu ahalko dela giza eskubideekin lotuta aurrez onartuak izan diren eta konstituzio berriaren parte izango diren beste arau konstituzional batzuetatik abiatuta, eta Gabriel Boricen gobernu berriak esperantza piztu dio, adierazi duelako lehentasun izango duela giza eskubideen auzia.

Duela zenbait aste, Suediako Gobernuak iragarri zuen batzorde bat eratuko zuela 60.000 adopzio internazional baino gehiago ikertzeko, denak ere 1950az geroztik eginak, Txiletik, Kolonbiatik, Hego Koreatik, Txinatik eta beste herrialde batzuetatik. Gizarte Gaietako ministroak, Lara Hallengrenek, nabarmendu zuen ikerketak arreta berezia jarriko diela Txinari eta Txileri. Bestalde, The Guardian-eko artikulu batean, Adopzio Zentroko gaur egungo zuzendari Kerstin Gedungek adierazi zuen legeek hobera egin dutela eta zentro horrek jadanik bere alea jarri duela nazioarteko adopzioetarako gidalerro eta arau etiko batzuk sortzeko.

«Txilen 70eko eta 80ko hamarkadetan indarrean zegoen lege esparruaren barruan lan egin genuen; adopzioak zuzenak izan ziren legeari dagokionez, eta Txileko eta Suediako auzitegiek berretsi zituzten», esan zuen Gedungek. Adopzio Agentziaren hitzetan, Suediako barruti auzitegi batean lotzen ziren adopzio prozesuak, eta atzera Txilera bidaltzen zituzten paperak. Gedungen arabera, Txileko funtzionarioek adopzio prozesua bururatu ez bazuten, beharbada egokiagoa litzateke esatea hanka sartze bat izan zela dena. Hura praktika etiko bat izan zen edo ez, hori beste eztabaida bat omen da, haren ustez. Iazko irailean, Ezkerra alderdiko Jon Thorbjornsonek mozio bat aurkeztu zuen Suediako Parlamentuan, eskatzeko ikertu zedila zer eginkizun izan zuen Suediak adopzioen eskandalu hartan.

Krimenak

«Suediak, [Olof] Palmeren garaian batez ere, bestelako politika bat izan zuen, baina politika hura aldatu egin zen 1978an, eta, ordura arte bezala diktadura guztiz irmo gaitzesteari utzita, harekin harreman komertzialak egiten hasi zen berriz 80ko urteetan», Alfaroren iritziz. Bere ikerketan, historialariak jakin zuen ezen haurrak, herrialdetik irteten zirenean, ez zirela adoptatuta egoten oraindik, baizik eta norbaiten tutoretzapean, eta tutore hori Elgrem bera izaten zen, edo fundazioren bateko ordezkari bat, edo baita hegazkineko laguntzaileren bat ere. Alegia: adoptatzeko tramitea atzerrian egin ohi zen gehienetan. «Horrek erakusten du umeak hartzen zituzten herrialdeek badutela erantzukizunik. Ikusi dudanez, zenbait epaile suediarrek galdetu egiten zuten nondik zetozen ume haiek, zergatik iristen ziren hainbeste ume Txiletik; hau da, ohartu ziren bazela irregulartasunen bat, baina ez zuten neurririk hartu: ez zuten ikertu zer ari zen pasatzen».

Martxoaren 15ean, Isiltasunaren Seme-alabak eta Amak elkarteak —Txilen legez kanpoko adopzioen eta haur trafikoaren biktimak bilatzen laguntzen duen talde bat da— iragarri zuen 263. aldiz lortu zela pertsona batek bere identitatearen berri izatea. Suedian, berriz, umetako adopzio irregularrak ikertzen dabiltzan pertsona gaur egun helduek Adopction.se taldea eratu dute, eta Diemar dute eledun. «Zera da deigarriena: Suedian, zerbait baldin baduzu, beti espero dezakezu estatuak lagunduko dizula, baina legez kanpoko adopzioekin ez digute batere laguntzen», esplikatu du. «Bilera bat izan dugu Suediako Gobernuko ordezkari batzuekin, baina esan digute ezin dutela askorik egin, azken egunetan prentsan adierazi dutena gorabehera. Bitxia da, baina estatuko agintari horiekin izandako bileretan, haiek ez dute oharrik ere hartu, normalean egiten dutenaz bestera». Orobat esan diete ez direla hasiko erantzuleen bila.

Alfaroren ustez, bai Suediak eta bai Txilek pentsarazi nahi izan dute norbanakoen arteko auzi bat dela hau, eta estatuek ez dutela erantzukizunik. «Baina pertsonak, batez ere umeak bahitzen aritu dira etengabe, eta ume haiek oraindik ezin izan dute aurkitu beren familia biologikoa; beraz, bahituta daude oraindik. Hori dena delitua da, eta ez du preskribatzen. Beste hainbeste gertatu da Espainian haur lapurtuen tratamenduarekin. Alegia, adopzio eugenesiko batzuk izan dira, eta arrazoiak ez dira izan politikoak soilik: halakoetan, pobreak etsaitzat hartu dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.