andoni egana
HITZ ETZANAK

Euria

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Pedro Sánchezek ez dakit badakien, baina euria egingo du seguru-seguru. Apirilaren 28a. San Prudentzio. Ez du alferrik txixati fama santu horrek! Araban badakite, eta Lazkaon ere bai.

Espainiako politikariek balukete zer ikasirik Prudentziorengandik. Santuak hamabost urte zituela egin zuena egiteko aholkatuko nieke. Armentiatik propio alde egin Soria inguruko ibaiertz batera, anakoreta. Ondasun material oro atzenduta, errezoan eta penitentzia eginez eman zituen han sei urte. (Politikari ugari da gogoz kontrako penitentzia egiten ari dena, baina ez ditut nik errezuan irudikatzen, errosarioaren aleak ere lapurtzeko tentaldian jausi gabe). Gerora, Gotzain izatera ere heldu zen Prudentzio. Eta heriotzak bitartekari lanak eginez harrapatu zuen Soriako Burgo de Osma herrian. (Zapatero ez al zen antzeko zerbaitetan ibili Venezuelan? ). Hil ondoren, eztabaida sortu zen non lurperatu, bere Elizbarrutitik kanpo zebilen eta. (Francoren hezurrekin darabilten luzamendurik gabe hartu zuten erabakia). Bere zaldira igogorpua, eta zaldia geratzen zen tokian bertan hilobiratzea adostu zuten. Errioxako Clavijo herrixkan egin zuen pott animaliak.

Apirilaren azken igandean euria egingo du seguru-seguru. «Trifaliko»en zaparrada ez bada, hainbestean…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.