andoni egana
HITZ ETZANAK

Kanala

2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Tarteka, oso tarteka, ikusten dut. Han dago beste telebista kanalen artean, eta, parean tokatuz gero, inoiz geratu izan natzaio begira. Real Madrid TV. Futbol talde entzutetsuaren telebista kanala. Oraingoen emisio eskubiderik ez dute izango eta garai bateko neurketak eskaintzen dituzte. Iraganmin apartekorik ez dut, baina polita izaten da tarteka atzenduak geneuzkan gauzak, aurpegiak eta izenak gogora ekartzea...

Huskeria ñimiño batez ohartu ere ez nintzen egin ni norbaitek esan zidan arte. Ez dute Real Madril iraganekoaren edozein partida eskaintzen. Irabazitako partidak soilik botatzen dituzte. Ez dakit futbol kanalak dituzten beste klubek tankerako irizpiderik darabilten, baina zalegoa bereganatu eta eraikitzeko modu berezia iruditzen zait. Niretzat erakarmen indar handiagoa du galtzaileak, hondartzara ia iritsian geratzen denak.

Norbanakoak bizitzan jokabide bertsua erabiltzen ote dugun pentsa dezake norbaitek. Saiatzen gara etxeko edo lantokiko ernegaldirik kanpoan ez emititzen; geure porrotez ez dugu inoiz hitz egiten; iraganean irabazitako partidak behin eta berriz kontatzen ditugu; «Zer moduz?» galderari ez diogu sekula «gaizki» egiazkoarekin erantzuten. Zuri bihurtu gara oso. Eta horrela doakigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.