andoni egana
HITZ ETZANAK

Pijua

2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Guk —nahiz zarauztarrak izan—ezagutu genuen lehen pijua Bautista Basterretxe izan zen. Esanguratsua da hots berak —hitz berak akaso erroan— euskaran eta gazteleran hartu duen bide desberdina.

Gazteleraz pijo da janzkera-imintzio-zaletasunetan goi mailako klase batekoa dela nabarmentzea gustuko duena. Euskaraz oso bestelako esanahia du. Izen gisara harturik, ausarta, iaioa, kementsua... izan daiteke. Adberbio modura, berriz, euskortasuna eta seta adierazten du: «Pijo aritu ginen lanean goizetik gauera». Norbaitek esan dezake, eta ez du arrazoiaren faltarik izango, kontu zaharrak direla horiek, egun, «pijo bat da» euskaraz dioena ere gaztelerazko esanahiari lotzen zaiola eta ez euskarazkoari. Azken batean, Lazkao Txikik asmatu egin zuela onartu beharko dugu, etorkizunean euskara ulertzekotan gazteleraz jakin beharko zela bota zuenean.

Kontuak kontu, Madrilgo Salamanca auzoko manifestari garunzulatuei pijo deitzea ez zait justua iruditu. Imbécil da hori egiten duenari dagokion definizio zehatzagoa. Imbécil dator inbaculus-etik, eta esan nahi du makulurik gabea, zeri heldurik ez daukana, oinarririk ez, eta aidean dabilen gizagaixoa. Horregatik astintzen zituzten bazterrak golf-makilez. Makulugabeak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.