andoni egana
HITZ ETZANAK

Eserita

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Gemma Lienas du izena idazleak eta La vida privada de Carmina Massot izenburu, liburuak. 1956ko Bartzelona Frankopekora espioi bat iritsiko da Europatik, naziek lapurturiko artelan baten arrastoari segika. Ama-alaba biren etxean hartuko du, ezkutuka, ostatu. Inork ez daki —ez jakitea komeni!— bere egiazko izenik. Moby Dick deituko diote. Lehen egunetik sentituko dute elkarrenganako erakarpena etxeko alabak eta espioiak. Eta hor hasten da irakurleokiko jolasa. Idazlea ahalegintzen da irakurlea «despistatzen». Moby Dicken begirada sarkorrak eta ahots grabeak erakartzen du etxeko alaba; Parisen modan dagoen traje horietako bat darama soinean Moby Dickek… Irakurle bakoitza ohartuko da, lehentxeago edo geroxeago, Moby Dick emakumezkoa dela.

Idazlea irudikatu dut, ehunka orrialdez, gramatika ere tentu handiz erabiliz. Gazteleraz idatzia baita eleberria. Eta Moby Dick besaulkian eserita zegoela idazteko ere erne ibili behar izan baitu idazleak «Moby Dick estaba sentada en el sofá» saihestu eta «Moby Dick descansaba en el sofá» idazteko. Euskaraz jolas beretsua burutu nahi izatera askoz ere arazo gutxiago zituzkeen. Jolaserako balia daitekeen indargune hori badu gure hizkuntzak. Eta jolaserako balio duen hizkuntza batek derrigor behar du etorkizuna…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.