andoni egana
HITZ ETZANAK

Zebra-bidean

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ez dago Tokioko Shibuya bidegurutze ospetsura joan beharrik. Bizitzaz asko ikasten da semafororik gabeko zebra-bide baten inguruan bi begi behatzaile kokatze hutsaz.

Ikusten da oinezko gazte askok, lehentasuna izaki, zain daukaten autoari begiratu ere egin gabe gurutzatzen duela bidea. Presarik gabe, pausaje motel-motelez. Burua altxatu gabe, eskuetan sakelakoa eta begiak pantailan. Aldiz, edadeko jende asko ikusiko duzu, pauso motelez ezinbestean hura ere, baina ahalik eta bizkorren bidea gurutzatzen, zain dagoen auto gidariari bekainak harrotuz, barkamen eske: «Nahita ere hau baino azkarrago ezin naiz ni joan» esanez bezala. Alderantzizkoa ere sumatuko dute begi behatzaileek, jakina: ziztu batean bidea zeharkatzen duten gazteak eta minutu erdiko loriaunea baliatzeagatik ahal baino ere mantsoago pasatzen diren edadekoak…

Gizartearen joera batzuk uler daitezke enpatia bezain hitz larriak erabiltzeko premiarik gabe, zebra-bide baten ertzean jarrita. Lehentasuna ulertzeko moduak definitzen gaitu. Zenbaitek, bere-berean baino ez du ulertzen. Niri dagokit. Nik baliatuko dut. Nik. Eta nik. Zorionez, asko, lehentasunik den lekuan bigarrentasunik ere badela jabetzen da. Gizarteak, aurrera egitekotan, horiekin egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.