andoni egana
HITZ ETZANAK

Adabakia

2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ihauteriek badakarte hori ere. Urtean zehar nagitutako josteko makinak dantzan jartzen dira etxeetan, mozorro bat egin, beste bat egokitu, beste bati puntada pare bat eman edo adabakiren bat erantsi.

Adabakia. Hitz polita iruditzen zait bere-berean. Hitz polita, baina behin-behineko konponbidea. Bakoitzak bere etxean bere arropekin zer egiten duen kontu bat da, ordea, eta oso bestelakoa gobernu moduak adabakietan oinarritzea. Eta gure jirako Gobernuek horri eusten diote behin eta berriz. Orain, 25 eta 29 urte bitarteko gazteek hilean 300 euroko diru laguntza izango dute etxebizitza bat alokatu edo eros dezaten. Hutsa baino gehiago dela pentsatuko du norbaitek, bultzadatxoa izan daitekeela gurasoen etxetik nola alde egin ez dakien gaztearentzat. Adabaki traza hartzen diot nik. Gizarte hau antolaturik dagoen moduan, merkatua libre, laster hasiko dira etxejabe eta eraikuntza enpresak prezioak igotzen. Nola badaukaten, eskatu egingo diegu. Eta patrikan 300 euro diren horiek, praktikan, laster izango dira 100, eta handik lasterrera hutsaren hurrena.

Gizarte honek denbora gehiegi darama mozorro berari eutsiz, adabakia adabakiaren gainean. Nonahi eteten zaizkio joskurak. Bada garaia berria egin beharko genukeela pentsatzen hasteko…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.