andoni egana
HITZ ETZANAK

Nahi ez

2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zintzinato gehiago behar genituzkeela entzun nuen lehengo batean. Ari ziren politikari profesionalez. Gaztetatik alderdi baten egituran sartu, eta urteetan, beste eta bestelako lanik ezagutu ez dutenez. Horrelakoen ikuspegia murritza izaten dela; agintera heltzean ez dutela errealitatea bere osotasunean ezagutzen; bidea zor, bidelagunak hartzekodun, aginte zati txikiak adiskideen artean banatu baino beste irtenbiderik ez zaiela bururatzen.

Zintzinato. Kristo aurreko erromatarra. Orduko jendartean maila altukoa, semearekin Erromako agintariek izandako jokaerak petraldu, eta bere lurretara erretiratu zen, laborantza lanetara. Erromak bere premia izan zuen ordea handik urte batzuetara, inguruetako herri batzuekin etsaitu zenean. Bila joan zitzaizkion. Eta,—horregatik da adibidetzat hartzen den kasua— atzaparrak goldeari helduta harrapatu omen zuten. Baietz erantzun zien, lagunduko ziela. Itzuli zen agintegune ziren palazioetara. Sei egunean baretu zuen matxinoaldia, eta bere lurretara itzuli zen, berriz goldeari heltzera.

Agintari izan behar duenari eskatu behar zaion lehen baldintza honakoa da: agintari izan nahi ez izatea. Nekez aurkituko dituzu ordea, goldeari eskuak itsatsita, inoren deiaren zain ez dauden Zintzinatoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.