HITZ ETZANAK
Jan-edana
Bueltan-bueltan arrazoi du Jakoba Errekondok. Jaten duguna gara. Eta, batik bat, esadazu zer jaten duzun eta esango dizut nor zaren. Atzoko berripaper honen lehen orrialdeari begiratu bat botatzea aski da elikagaiek bizimoduari zenbateraino eragiten dioten jabetzeko.
Berri nagusia urari buruzkoa zen. Azken 33 urteetan munduko laku eta urtegirik handienek ura galdu omen dute, jasangarria ez den ur kontsumoaren eraginez. Baina ez da urrutietan gertatzen den zerbait soilik. Lehen orriko beste berri baten arabera, «bazka ugaritzea eta ureztatzea adostu du idortearen mahaiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan». Jaurlaritza prest dago zuzeneko dirulaguntzak emateko. Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak adierazi zuenez, dirulaguntza puntual horiek emateko iaz Ukrainako gerraren harira sorturiko finantzaketa tresna erabiliko dute. Eta jakina, Ukraina eta Errusiaren artekoa ere badator lehen orrian, G7ak Kievi laguntza berretsi diola iragarriz. Gerra horretan badute zerikusia artoak, gariak, garagarrak, ekilore hazi eta olioak… Eta aurrenengo orria errematatzeko, hanburgesei buruzko erreportajearen aurkezpena.
Eskerrak hauteskundeak badatozen! Eskerrak Enarak itzuliko diren udaberriarekin! Gure lehen orria ez da jan-edan hutsa…
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.