KRITIKA. Antzerkia

Zergatik hil, zergatik bizi

Abdullah Ocalanen bizipenetan oinarritua dago obra. BERRIA.
Agus Perez.
2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun

'La celda sin noche'

Ekoizpena: Antz3rkiz eta Costa Ricako Kultura Ministerioa. Testua: Galder Irusta. Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Zuzendari laguntzailea: Natalia Regidor. Eszenografia eta jantziak: Fernando Bernues. Argiak: Tom Visser. Argiak eta ikus-entzunezkoak: David Bernues. Antzezleak: Roberto Bautista, Noelia Campos, Andres Montero. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko dantza aretoa.Eguna: Martxoak 13.

Lerrook idazten hasita, burura datorkidan lehen gauza da faltan dudala garai batean dFerian hain presente zegoen Latinoamerikako antzerkia, presentzia hari esker ezagutzen genuelako hango teatro militantea, askotan baliabide gutxitan hornitua baina gehienetan proposamen interesgarriz zamatua.

Baina hara non Bilboko, Donostiako eta Gasteizko hiru antzoki publiko handiek osatutako elkarteak —Antz3rkiz du izena— Costa Ricako Kultura Ministerioarekin batera La celda sin noche (Gaurik gabeko ziega) ekoiztu eta egunotan aurkeztu duten. Obra honek Abdullah Ocalan preso politikoaren egoera pertsonal eta ideologikoa aztertzen du 1999an Kenyan bahitua izan zenetik. Antzezlana Costa Rican estreinatu zen, eta hango emanaldietan itxitura sentsazio handiagoa sentitzen ei zuten ikusleek, eremu eszenikoa goitik ere zarratzen zelako eta aretora ailegatu bitartean zortzi metroko pasabide estu batetik igaro behar zirelako ikusleak.

Oraingo emanaldiko protagonista eszenikoa Viktoria Eugeniako dantza-aretoan hormetara itsatsita paratu duten mahaien plataforma izan da, eta ikusleak egitura itxi horren barruan egon gara, mahaiek inguratuta eta aulki birakari banatan jesarrita, ekintza eszenikoa mahaien gaineko edozein lekutan gertatu delako. Aretoko ateak irudikatu du presoek patiora irteteko lekua eta, izenburuari kasu eginez, zuri koloreko fokuek argiztatu gaituzte denbora osoan. Era berean, esanguratsuak izan dira horma bateko pantailan proiektatu diren informazio osagarriak.

Planteamendu dramatikoan hiru izan dira pertsonaiak, Ocalan beti bakartuta egon den arren mila militarreko irla-espetxe batean. Alde batetik, hautu horrek joko eszeniko handiagoa eman dio bestela bakarrizketa hutsa izan zitekeenari, eta bestetik, interesgarria izan da testuaren esangurari begira, hiruren artean Ocalanen arimaren hiru aldeak irudikatu direlako: zentraltasunean lider historikoaren pertsona, senideak, ama eta bere herriko jaiak, mendi elurtuak eta jakiak gogoratzen dituena; bigarrenik gizon armatua, gerrillaren bidez estatu independente bat eskuratu nahi izan zuena; eta hirugarrenik, emakume gerrillariaren figura. Hain zuzen ere, haren eraginez bihurtuko da Ocalan humanoagoa eta erabakiak kontsentsu bidez hartzeko defendatzailea. Hortik sortu zuen 2005ean konfederalismo demokratikoaren proposamen famatua, Kurdistanen, gerrak gorabehera, indarrean dagoena.

Espero zen bezala, bikaintasunez aritu dira hiru antzezleak, bakoitzak bere rolari sinesgarritasun osoa emanez eta hiruren artean kohesio handiko ekipoa osatuz. Amaitutakoan, Andres Monterorekin gurutzatu naiz, eta halako kasuetan normalean «zorionak» esaten da, baina niri «mila esker» atera zait bihotzetik. Bide batez, gogora dezagun gutxi direla munduan armadarik ez duten herrialdeak, eta Costa Rica dela haietariko bat. Orain bai, zorionak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.