andoni egana
HITZ ETZANAK

Urduri

2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ez dakit txisteak ze hondo zuen, baina bazuen hondoren bat. Ez dakit zen askojakinen erretolikari buruzko sator-kritika, zientziaren zailtasunaren inguruko ikasgaia edo misterioa gizendu, entzuleak adi-adi ipini eta huskeria batez amaitzeak kontalariari ematen dion plazer hutsa. Ez dakit. Nik entzun nuenean zerbait eragin zidan eta betiko lagunartean kontatzen hasi nintzen ardoz blaituriko afari baten ostean:

«Badakizue nola bereizten den apo bat arra edo emea den? Hankaz gora jarri behar da lehenbizi; menda-belarrez igurtzi behar zaio burugaina gero; azkenik, hatzaz sabel inguruan mugimendu zirkular leun-leunak egin behar zaizkio…»

Une horretan jabetu nintzen ez nindoala inora. Lagunarte hartan ez nuen sekula gazteleraz egin eta euskaraz ari nintzaien oraingoan ere. Bat-batean isildu egin nintzen. Urduri hitza baino ez zetorkidan gogora eta txisteak grazia eta esanahia erabat galtzen zituen «urduri» generorik gabeaz erremataturik. «Eta zer?» galdetu zidaten lagunek. «Ezer ez. Txorrada bat zen» esanda mututu nintzen. Gehiegi edan ote nuen pentsatu zuten haiek, eta nik, «nerbioso jartzen bada arra da eta nerbiosa jartzen bada emea» esanda salba nezakeela trantzea. Ez nuen nahi izan. Hizkuntza bakoitza mundu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.