andoni egana
HITZ ETZANAK

Minus

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herritarrekiko harremanean, kargu bat duenak —edo lortu nahi duenak— hobe du minus-etik abiatu beti. Ni ez naiz nor...; nire aldean asko dakitenak badira; nik egin dezakedan bakarra da buru-belarri ahalegindu... Minus-etik abiatzeak ez du apaltasunarekin zerikusirik. Ez dagokio izakerari, jarrerari baino. Abiapuntua besteena baino beherago jartzean datza. Hartara, besteen mailara heltze hutsa garaipentzat hartuko du herriak.

Minus-etik abiatzen denak, mihia ongi zorroztu behar du, arerioen aurka komenentziara erabiltzeko. Badezake. Minus-etik abiatu izanak ahalbidetzen dizkio besteri barkatzen ez zaizkion lotsagabekeriak. Mihia zorroztearekin batera, absurdoa landu behar du. Ez hanka ez buru ez duten gauzak esan ditzake, abiapuntutik onartu baitu berea ez dela adimena. Eta batik bat, landu behar du soraiotasun punttu neurtu baten babesa. Bati buruz galdetzen diotela? Beste zerbaiti buruzko erantzuna emango du. Pentsa dezala jendeak ez dela enteratzen. Horrek ez dio askorik eragiten.

Lotsagabekeria, absurdoa, enteratu ezina... minus-etik abiatzen direnek horiek dituzte lanabes. Eta munduan gero eta agintari gehiago da arma horiekin boterea lorturikoa. Azken adibidea, Madrilgoa. Horrelakoari, erraz egingo diozu barre; nekez aurre ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.