Zakurra da bizimodua. Niri gertatu behar hau ere! Egia esan, birusaren iritsierarekin zoriontsu izan nintzen. Mimatua sentitzen nintzen oso, eta konturatzen nintzen zorteko nintzela, gizakiek ez bezala, egunero kalean bueltaxka bat egiteko aukera izaten nuelako.
Jatorrak dira nire nagusiak. Tira… arrarotxoa gizona aukeran. Unibertsitateko irakaslea da, eta edozein aitzakia du on, hala dela jakitera emateko. Nirekin pasieran dabilenean, behin eta berriz deitzen dit izenez, propio, harik eta norbaitek nire izenaren arrazoiaz galdetzen dion arte. Orduan harro ematen du azalpena, nire izen hautaketan zeinen irudimentsuak izan ziren argi uzteko: «Greziar alfabetoko hamabosgarren letra da. 'O' idazten da, letra larriz nahiz xehez». Pedantea da tipoa, eh! Eta grazia egiten saiatzen da gero gainera: «Gurera heldu zenean txakurkume pottolo-pottolo eta borobil-borobila zen, eta horregatik deitu genion Omikron».
Joan zen ostiraletik ez naiz bizi. Nire izena entzuten dut batean eta bestean. Etxean, irrati-telebistek ez didate bakerik ematen. Auzoko tabernako terrazara jaisten nautenean, igurtzika hurbiltzen zaizkit haur, gazte eta helduak. Lehen, Pintto, Rin tin tin eta Banbulo-ez errukitu egiten nintzen. Orain, neuk ematen dut pena.

HITZ ETZANAK
Omikron
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu