andoni egana
HITZ ETZANAK

Ez dakit

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Egiatan, ez dakit. Ez dakit alde nagoen ala kontra. Ez dakit alde ala kontra egotea prezixu den. Saiatu naiz iritzi bat izaten. Neurea. Alferrik! Irakurri izan dut gaiari buruz eskuetara datorkidana. Belarriak erne ibili izan ditut norbaitek argibideren bat edo iritziren bat eman izan duenean. Ez alferrik! Ertzak hainbeste direnean borobiltasuna lortzea ezinezkoa zait. Ez naiz osotasuna harrapatzeko gauza. Ez dut aurreikuspenak egiteko aparteko gaitasunik. Ez dakit. Eta nola erabateko ulermenera heltzeko dudan gaitasunari buruzko etsia hartu dudan, urrundu egingo naiz, axolagabetu.

Gaiak asko izan daitezke. Zenbaitentzat eolikoak izango dira. Beste batzuentzat sabelen alokairua. Etxebizitza lege berria beste zenbaitentzat. Edo euskararen inguruko planak beste norbaitentzat.

Bakoitzak ditu bere usteak eta bakoitzak daki non-zertan ipintzen dituen marra gorriak. Baina jendarte konplikatu batean bizi gara. Onar dezagun lehen ahapaldiko «ez dakit» hori askok sentitzen dugula, askotan. Hauteskundeak datozen honetan, hainbat lekutarako hainbat zerrenda osatu izana miresgarria iruditzen zait. Nire «ez dakit» beretik abiatuko dira asko. Baina erabaki egin beharko dute, erabakiak hartzeko. Ni baino gehiago dira. Zinez diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.