andoni egana
HITZ ETZANAK

Egunak

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gure belaunaldikook plazan ibiltzen hasi ginenean ikasi genituen santu-santen egunak zein ziren. Gertatu zen halako krakateko bat duela hogeita hamabost-berrogei urte. Deitzen zuen antolatzaileak ongi zekien —adinarengatik eta bere herriko patroia zelako— halako santu edo santaren eguna zein zen. Eta ziurtzat jotzen zuen deia jasotzen zuen bertsolari gazteak ere bazekiela. «San Bartolome egunean libre al haiz?» galdera, tortura txiki bat zen niretzat.

Hasieratik aitortzen bazenuen ez zeneukala arrastorik ere San Bartolome eguna zein zen, hainbestean. Baina ez zen erraza. Bertsolari gazte ergel bati deika ari zela pentsatuko zuen antolatzaileak. Aldiz, berak eguna esan zain geratzen bazinen, akaso, jakintzat eman eta ez zuen zehaztuko. Noizbait gertatu zitzaidan. Baiezkoa eman eta amari galdetu behar gero: «Ama, San Bartolome maiatzaren 15ean izaten da, ez-ta?». Aitaren egingo zuen amak.

Gaurko egunarekin ez da dudarik izaten. Santa Zezilia, musikarien zaindaria. Eta xelebrea da. Musika sekula baino elikagai premiazkoagoa izan dugun urte honetan, gaurko egunez zerbaiten falta sumatuko dugu. Abesbatzek, musika-bandek... bertan behera utzi behar izan dituzte ohiko ekitaldiak. Pentagramak ere burdin hesi etzandun kartzelak dira aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.