andoni egana
HITZ ETZANAK

Dendak

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Garai joanak biziberrituko zizkion askori atzo berri-paper honetan argitaratu zen Iker Tubiaren erreportajeak. Koldo Landa orbaizetarrak, kamioia supermerkatu bihurtu, eta etxe atariraino eramaten die jan-edana mugitu ezin edo mugitu nahi ez dutenei. Pirinioetako herriak hornitzeko modu bat da, herri txikietako kanpandorretako erlojuak behin betirako hamarrak hamar gutxian gera ez daitezen ahalegin bat. Dendek ematen diote bizia herriari, eta dendak falta badira, bizia behintzat ez dezatela gal…

Irakurtzen ari nintzela ultramarinos hitza katigatu zait garunean, izendapen horren pean ezagutu baikenituen dendak, superrak heldu baino lehen. Denetik eta dena pilan edukitzen zuten denda haietako usainak hartu nau. Usain nabarra, kafearena edo makailao lehorrarena, edo biena aldi berean. Eta itsasoaz bestaldeko jaki-edariak ekartzeak prestigioa ematen zuela orain ehun urte konturatu naiz, zenbat eta urrutiagokoa, orduan eta prestigiotsuago, izena bera ikur.

Mende baten buruan joerak beste aldera egin du. Zorionez. Bertakoa dugu orain nahiago. Bertakoak ematen digu konfiantza. Produktua bertakoa eta banaketa eta salmenta zuzenekoa bada, garraioan eta bitartekaritzan sarraski gutxiago eraginda iritsiko zaigu. Hurrengo joeraren zain…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.