Albistea entzun

Agertoki bat amaren ametsentzat

Xabier Payak eta Iker Oruetak 'Bihotza kate' albuma plazaratu dute, elkarlanean. Payaren amaren bizitza hartu dute oinarri, antzerki kutsuko kontakizun ilustratu bat sortzeko. Peru Abarka sariketaren bultzadaz osatu dute liburua
Xabier Paya eta Iker Orueta <em>Bihotza kate</em> liburuaren egileak, atzoko aurkezpen agerraldian, Donostian.
Xabier Paya eta Iker Orueta Bihotza kate liburuaren egileak, atzoko aurkezpen agerraldian, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Alex Uriarte Atxikallende -

2021eko azaroak 4 - Donostia

«Maleta bat, ezerezaren erdian. Maleta bat eta hark errepresentatzen dituen bidaiak, norabide aldaketak, bizipenak». Horixe da Xabier Payak (Getxo, Bizkaia, 1982) eta Iker Oruetak (Bilbo, 1995) kaleratu berri duten Bihotza kate liburuaren abiapuntua.

Bi sortzaileek obraren nondik norakoak azaldu dituzte Donostiako Udal Liburutegian egindako aurkezpenean. Haiekin batera, liburua argitara eman duen Erein argitaletxeko Uxue Razkin editorea izan da, eta, haren arabera, «kutsu unibertsala eta, aldi berean, intimoa» du Bihotza kate-k. Izan ere, Xabier eta Fredi Payaren amaren bizitzan oinarritutako liburua da, baina edozeinen errealitatera «ezin hobeto» aplika daiteke: «Obraren ardatza amets batzuei muzin egitean, beste batzuei heltzean eta aukerak hartzean oinarritzen da», azpimarratu du Razkinek.

Payak argitu du zergatik aukeratu duen ama testuen eta ilustrazioen oinarritzat: «Liburua haren pasadizoak entzunez jaio da; jaso ditudan ohar guztietan igartzen da ama behinola bidegurutze batean izan zela, eta amets berriak bilatu behar izan zituela».

Lanean, Payaren amaren antzerkiarekiko zaletasuna suma daiteke. Ilustrazio askok agertoki itxura dute, eta testuan ageri diren erreferentzia guztiak diziplina horretako pertsonenak dira. «Testuak transmititzen dituen langai pertsonalak eta intimoak fikziozko antzoki batera eramaten saiatu naiz», adierazi du Oruetak. Ondorioz, azaldu du testua «irudien radarrarekin» irakurri zuela, alegia, «eszenografiaren bila».

Bihotza kate Ereinek eta Markina-Xemeingo Udalak antolatutako Peru Abarka album lehiaketa irabazita ondu dute bi egileek. Razkinek azaldu duenez, sariketa horren xedea da «irabazlea zirkuitu komertzialean murgilaraztea, udalak publikatutako lanen kutxan gordeta utzi ordez». Bi atal ditu sariketak: idazleei dagokiena, eta ilustratzaileena. Iaz aurkeztu zituzten 21 idazlanetatik azkena izena emandakoa gailendu zen: Payarena. Ilustratzaileen atalean, berriz, hiru baino ez ziren aurkeztu sariketara, eta epaimahaiak Orueta izendatu zuen irabazle; horrenbestez, hark jantzi du ilustrazioz Payaren testua.

Testuen eta ilustrazioen arteko uztarketak berez duen konplexutasunaz galdetuta, «norabide bakarreko lan moldean» aritu direla azaldu du Payak: «Testua moldatu barik egin dira ilustrazioak, hau da, idazkietara egokituta». Irudigilearen trebezia goraipatu du, alde horretatik: «Gai izan da liburuan kontatzen den metanarratiba, testuak eta antzerkiak osatutakoa, hiru dimentsiotan irudikatzeko». Hain zuzen, ilustratzaileak nabarmendu du «etxekotasun handia darien baina edonork bere egin ditzakeen testuekin» topo egin zuela irudiak sortzean. «Horrek asko eztitu dit lana», gehitu du.

Halaber, Payak aitortu du bere burua idazle gisa ikusi duen «lehendabiziko aldia» izan dela hau. Liburua idatzita hitzek aurrez eman izan dioten «bertigoa» gainditu duela adierazi du, eta Joserra Gartziak egindako ekarpena goraipatu: «Haren pareko zuzentzaile, kritikari, editore eta aholkulari batekin, neure burua askoz ere seguruago ikusi dut, eta hori bultzada bat izan da liburuaren idazte prozesuan aurrera egiteko orduan».

Bide berrietara «zabalik»

Hurrengo urratsari so, liburua antzerkigintzara eramatea «mahaigaineratu daitekeen aukera» da, bi sortzaileentzat. Helmuga hori, baina, «urrun samar» dakusate. Izan ere, antzerkiaren munduan sartzeak «dramaturgia lan dezente sakonagoak» eskatzen ditu, eta oraindik planteatu ere ez dituzte egin; Bihotza kate, hortaz, «sormenaren jomuga berrietara zabalik egon daitekeen artefaktu artistiko bat da».

Obra zer irakurleri zuzenduta egon daitekeen esatean, hala idazleak, nola ilustratzaileak ez dute zalantzarik egin, eta liburuaren hastapenean dagoen esaldira jo dute. Hasieran, maleta baten ilustrazioa ageri da, baita obra laburtzen duen tesia ere; hartan bilduta daude «lanaren hartzaile eta xede oro»: Amarentzat, eta beste amets batzuk bilatu behar izan zituztenentzat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

'Esna' ikuskizuna ondu dute Marie de Jongh eta Doos konpainiek

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Soledad Sevillaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena

<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean, bihar, Iruñean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...