andoni egana
HITZ ETZANAK

Arrotza

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Arrotzak denerako balio du. Eleberri bati jartzeko izenburu ezin tentagarriagoa da, baina Camusek erabili zuen eta geroztiko idazleek uko egin behar izan diote. Eleberri baten lehen pasarterako ere balio du. Jar ezazu arrotza herri batera heltzen, maleta bat eskuan zintzilik duela kale nagusia zeharkatuz, errezelatan begirada errezelotsuak… eta irakurlearen jakin-mina ia seguru piztuko duzu.

Arrotza bestelako kontuetarako ere baliagarri da. Eskuak garbitzeko, esaterako. Gure herriko jaietan istilu handiak duela urte mordoa. Batzuek xipo, besteek tira, txikizio dexentea manifestari eta polizien arteko talkaren ondoren. «Kanpotarrak izan dira» esan zuten herrian xextra-sortzaileengatik, ze ideologiatakoak ziren saihestu eta erantzukizun oro jatorrian jarriz.

Etsaia zikintzeko ere balio du arrotzak. Hedabide espainiarrek Bartzelonako manifestazio jendetsu eta baketsuari baino kamera eta minutu gehiago eskaini dizkiete kaleko borrokaldi istilutsuei. Nahiago izan dute fokua sute txikietan ipini beste su kolektibo handian baino. Eta azken egunotan behin eta berriz errepikatu duten kontua kale istiluak sortzen zituztenei buruz gaizki esaka ari zirela: «Gainera, horietan asko arrotzak dira. Frantzia, Grezia edo Italiatik etorriak». Eta zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.