Gontzal Agote.
Oscar sariak. Analisia

Frances, Harvey, Guillermo eta Mira. 97ko belaunaldia

2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
1997. urtea zen. eta Frances McDormandek emakumezko aktorerik onenaren Oscar saria lortu zuen, Marge Gunderson polizia haurdunaren rol ahaztezinagatik. Fargo izeneko pelikula batean zen, 1996ak eman zuen onena. Logika komertzial guztien kontra, Coen anaien filmak harrera ona izan zuen, eta pelikularik onenaren sarirako hautagaia ere bazen.

Azkenean, ohi bezala, askoz ere arruntagoa zen film batek lortu zuen sari gutiziatua, The English Patient-ek. Anthony Minghella zen zuzendaria, baina hori ez zen inportanteena. Ekoizpenean urte luzez Harvey Weinsteinen erresuma zinematografikoa izandako Miramax etxea zegoen. Hura izan zen Weinsteinek pelikularik onenari jasotako lehen Oscar saria, bere lehen Oscar gau handia.

1997ko gau horretan, pozarren etxeratuko zen Frances McDormand, sari pisua besapean zuela. Hala ere, emaitzak ez zuen guztiz asebete, eta partida ez zela amaitu pentsatuko zuen.

Pentsatzekoa da pozarren ere etxeratuko zela piztia. Hasiera besterik ez zen, aurrerantzean akademiakideak haren morroi bihurtuko ziren, marketinez jositako pelikula kaskarren bitartez —Shakespeare in Love, The King's Speech...— Oscarretako gaua Weinstein gaua bihurtuko zen.

1997. urtea zen, eta Weinsteinen Miramaxen ez zeuden denbora galtzeko. Urte horretan bertan, beste hainbat pelikula ekoitzi zituen, horien artean Mimic izeneko bat. Zuzendari mexikar gazte batek AEBetan egindako lehen lana zen. Haren izena: Guillermo del Toro. Protagonista lanetan, aktore gazte bat, Mira Sorvino.

21 urte pasatu dira. Gauza batzuk aldatu dira, beste batzuk ez horrenbeste. Baina lau protagonistok segitzen dute protagonista izaten. Aspaldiko partez, Harvey Weinstein ez da Oscar sarietan izan, baina oso presente egon da haren itzal luzea. Mira Sorvino, ordea, bertan egon da, eta hari eta gainerakoei argi esan die: «Time's up». Txalotu dute gogoz, askok, Me Too barneratuta, beste batzuek «Nik ere banekien (eta ez nuen deus esan, ez nuen deus egin)» hipokrisiaz beterik.

Frances McDormand oholtzara igo da, bigarrengoz saria jasotzera. Pozarren etxeratuko zen; pentsatzekoa da poz mingotsa ere izanen zela. 21 urte hauetan industriara egokitzen jakin izan duen Guillermo del Torok berriro ere bere pelikulari lapurtu dio sari nagusia.

Bere baitan partida ez dela amaitu pentsatuko zuen aktoreak. Eta kasu, dagoeneko ez baita polizia patxadatsu hura; haserre bizian dagoen gerlaria da, edozein injustiziari aurre egiteko gertu dena. 21 urte ez baitira debalde igaro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.