Politika orokorreko eztabaida. Urkulluren hitzaldia

Egonkortasunari gorazarre

Urkulluk dio akordioei esker EAEn «su-hesi» bat eraiki dela Espainiako ziurgabetasun politikoari aurre egiteko. Estatuari kontzertu politiko bat adosteko eskatu dio, aldebikotasuna bermatzeko

Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Eusko legebiltzareko saioan. JUANAN RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako blokeo politikoak baldintzatu du, goitik behera, Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaida. Gorteetarako hauteskunde berrien itzalpean eman zaio hasiera 2016-2020 legealdiko azken eztabaida politikoari, eta Espainiako giro politiko nahasiak isla izan du saioan entzun diren mezuetan. Lehendakariak berak, goizeko hitzaldian, ez dio ihes egin gaiari. Aitortu du «atsekabegarria» dela egoera eta Jaurlaritza «oso kezkatuta» dagoela. «Etsigarritzat» jo du Espainiako blokeo politikoa eta «atzerapausotzat» jo du bozetara berriro deitzea, besteak beste, transferentzien eskualdaketa eta inbertsioak geldiaraziko dituelakoan.

Baina horren guztiaren aurrean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera politiko «egonkorra» goraipatu du Urkulluk, eta nabarmendu du hori Jaurlaritzaren akordioetarako gaitasunari esker dela. Uste du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «su-hesi»bat eraiki dela inguruko «etengabeko ezegonkortasunetik» babesteko, eta elkarrizketa politikoari eutsi zaiola, baita oposizioko taldeekin ere. Ohartarazi du ez duela utziko Espainiako «tentsio politikoak» EAEn eragin dezan, eta bertako «egonkortasun politikoari» eusten ahaleginduko dela. Espainiako eredutik aldendu nahi izan du horrela lehendakariak. Legebiltzar talde guztiei lankidetzarako eskua luzatu die gero, eta «indarrak batzeko» prest agertu da, herritarrentzat soluzioak bilatzeko.

Espainiako blokeo politikoak ez ezik, nazioarteko egoera ekonomiko eta politikoak ere arduratzen du lehendakaria. Brexit-a , Alemaniako ekonomiaren atzeraldia eta mugimendu populistak ziurgabetasunaren erruduntzat jo ditu, eta aitortu du Jaurlaritza «alerta gorenean» dagoela. Alarma guztiak piztuta dauzka Jaurlaritzak, eta Urkulluk ohartarazi du kanpoko faktoreek EAEko ekonomian eragina izan dezaketela: «Nahiko nuke esatea euskal gizarteak ez duela ezegonkortasunik pairatuko, baina ezin dut halakorik baieztatu».

Krisi globaletik salbu ez, baina EAEko ekonomia «prestatuta» dago egoerari aurre egiteko, lehendakariaren arabera: «Egonkortasuna da hazkunderako gure aktibo politikorik handiena». Lehendakariak esan du EAEko ekonomia «osasuntsu» dagoela, «bide onean» doala, eta hazkunde aurreikuspenei heltzen diola; aurten %2,3ko hazkundea, eta datorren urtean %2koa.

Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuak onartzea kanpoko ziurgabetasunari aurre egiteko tresnatzat jo du lehendakariak. Datorren hilean onartuko du gobernuak 2020.urteko aurrekontu proiektua, eta beste talde baten babesa behar du haiek onartzeko. Hala, elkarrizketarako atea ireki die Urkulluk oposizioko taldeei, betiere «errealismoz» eta «seriotasunez» negoziatu nahi badute. Gogoratu behar da 2018ko aurrekontuekin lanean ari dela Jaurlaritza, aurtengoak aurrera ateratzeko babesik ez zuelako lortu.

Estatu eredu berria

Autogobernuaren aldeko konpromisoa ere berretsi du Urkulluk, eta estatuari eskua luzatu dio itun berri bat lortzeko. Kontzertu politikoaren ideia berreskuratu du lehendakariak autogobernuan aurrera egiteko.Urkullurentzat, kontzertu ekonomikoaren ereduak balio du EAEren eta estatuaren arteko aldebiko itun politiko bat lortzeko, eta uste du aukera dagoela estatuarekin kontzertu politiko bat adosteko. «Euskadin nazio izaera duen kontzertazio akordioa eta Estatuarekin aldebikotasun bermea duen ituna». Horrela definitu du Urkulluk kontzertu politikoa. Haren ustez, etorkizunak estatuarekin konfiantzazko harreman batean oinarrituta egon behako luke, autogobernua zabaltzeko eta aldebikotasuna berma- tzeko. «Aukera dugu autogobernua sendotzeko, bere berezitasunak garatzeko Europako errealitatera moldatuta, Euskadiko instituzio egitura indartzeko eta bermeak dituen aldebiko ituna errotzeko», nabarmendu du.

Autogobernurako proposamena ez da berria. Legealdi honetan, politika orokorreko eztabaidetaneredu bera defendatu izan du Urkulluk, urtero. 2017an estatu konfederala proposatu zuen, 2018an akordioa eskatu zion estatuari, eta orain kontzertu politikoaren kontzeptuan sakondu du. Artean, baina, estatuak ez dio erantzunik eman lehendakariak behin eta berriz egindako eskaintzari. Bere agintaldiaren azken urtea du Urkulluk, eta, agerian denez, oraindik ez du asmatu zirkulu hori ixten.

Nolanahi ere, lehendakaria sinetsita dago gaur egun aukera dagoela estatuko «izaera plurinazionala» eta «autogobernuaren izaera berezia» kontuan izango dituen estatu eredu berri bat sortzeko. Bitartean, EAErako estatus berriaren testu artikulatua idazten ari da legebiltzarrak izendatutako aditu taldea, eta azaroraren 30erako izango du prest. Lehendakariak itxaropena du adituen lanetik abiatuta «akordio zabalagoa» lortuko dela. «Babes zabala duten akordioak behar ditugu, nazio gisa indartuko bagara».

Adostasun zabaletarako deiaegin du, halaber, memoria eta bizkidetza alorrean. ETAren indarkeriaren «hausnarketa kritikoa» alderdi guztiek partekatzeko eskatu du. Bereziki EH Bilduri egin dio eskaera: autokritika ikuspuntu«etiko» batetik egiteko galdegin dio, ez «taktikotik». «Berebiziko garrantzia du gizartearen aurrean azaltzeak terrorismoa bidegabea izan zela, gizartearen eta giza eskubideen aurka egindako eraso makur bat. Euskadin ez dago tokirik garai horren gorazarrerako, are gutxiago horrenbeste min eragin zutenen aitorpenerako». Era berean, ezinbestekotzat jo du «salbuespenezko» espetxe politika amaitzeko lanean jarraitzea.

Hiru erronka 2030erako.

Agintaldiko azken urteari begira, hainbat neurri iragartzeko ere baliatu du Urkulluk saioa. Lehentasunen artean ezarri du hezkuntza. Aitortu du «kezkagarria» dela hezkuntzaren egoera, eta beharrezkoa dela elkarrizketa. Sare publikoaren eta itunpekoaren arteko «oreka» oinarri duen sistema defenditu du, eta iragarri du legealdia amaitu baino lehen hezkuntza legearen proiektua onartuko duela gobernuak.

Luzera begira jarrita, 2030. urterako hiru erronka abian jarri nahi ditu Jaurlaritzak: eraldaketa demografiko-soziala, energetiko-ekologikoa eta teknologiko-digitala. Atal bakoitzean hainbat ekinbide eta plan aurreikusi ditu Jaurlaritzak, baina horiek zerrendatu baino ez ditu egin Urkulluk, xehatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.