Euskara lan munduan sustatzeko plana abiaraziko du Jaurlaritzak

Urte berriarekin batera sartuko da indarrean, eta 2023ra arte iraungo du. Euskara lan munduan sustatzea da xedea, baina arlo bakoitzean lortu beharreko helburu neurgarriak ere zehaztu dituzte

Euskara enpresetan sustatu nahi du plan berriak. Irudian, Fagor lantegia, Arrasaten (Gipuzkoa). JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana onartu du du Eusko Jaurlaritzak, Gobernu Kontseiluaren urteko azken bileran. 2020-2023 epea hartuko du planak, eta haren xede nagusia da euskara lan munduan sustatzea, arlo publikoan zein pribatuan, eta horretarako zenbait helburu zehatz eta neurgarri finkatu ditu lau arlotan: euskararen ezagutzan, erabileran, hizkuntza eskubideetan, eta enpresen eta bezeroen aktibazioan.

Plangintzaren aurkezpenean adierazten denez, euskarak hainbat esparrutan egin ditu aurrerapenak, eta hezkuntza, helduen euskalduntzea, hedabideak, administrazioaren euskalduntzea eta beste aipatzen dira. «Iritsi da lan munduari ganoraz heltzeko unea», plangintzaren dokumentuaren arabera. «Orain arte egindako urrats estrategiko guztiek hurrengo urratsa eskatzen dute, egindako guztia ezerezean geratzeko arriskua uxatuko bada». Lan mundua euskalduntzeko horrelako plan bat egiten den lehenengo aldia da.

Euskararen ezagutzari dagokionez, hiru helburu ezarri dituzte: Lanbide Heziketan euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua igotzea, unibertsitateetan euskaraz ikasten dutenena ere emendatzea, eta enpresetako goi karguetan euskaldun gehiago egotea. Helburu horiek lortzeko inplikatu beharreko eragileak, tresnak eta bestelakoak identifikatzeaz batera, lortu nahi diren helmugak ere zehaztu dituzte, eta, esaterako, hiru arlo horietan kopuruak %20 handitzea da xedea.

Euskararen erabilera sustatzeko, berriz, xedetzat ezarri dute hirigune eskualdeetako zerbitzu enpresetan erabilera handitzea kontsumitzaileen aurrean eta eskualde industrialetan lan hizkuntza gisa euskararen erabilera areagotzea. Lehenengo kasuan, 2023rako %5eko igoera lortu nahi dute euskara erabiltzen duten kontsumitzaileetan eta euskaraz egiten duten langileetan, eta bigarrenean, %10 igo nahi dute euskara plana egiten duten enpresen kopurua eta euskaraz egiten duten langileena.

Kontsumitzaileen eskubideen arloan, handitu egin nahi dute kontsumitzaileen dekretuaren betetze maila, eta, zehazki, %20 gehiago izatea dekretua betetzen duten enpresa kopurua. Azkenik, entitateen eta kontsumitzaileen aktibazioari dagokionez, %5eko igoera lortu nahi dute zerbitzuak euskaraz jasotzeko kontsumitzaileen eskarietan, eta entitateek lortzen dituzten euskararen erabileraren inguruko ziurtagiri, zigilu, aitorpen eta abarretan bost puntuko igoera erdiestea da planaren xedea.

Helburu estrategikoak

Helburu nagusi horiez gain, «helburu estrategikoak» ere finkatu ditu Jaurlaritzak, helburu nagusiak lortzeko bide eta iparrorratz gisa. Orotara, sei helburu estrategiko aipatzen dira planean: hizkuntza paisaian eta ingurune digitalean eragitea, euskara zerbitzu hizkuntza bilakatzea, langileen euskara gaitasuna hobetzea, gizartearen aktibazioa lortzea, enpresetan euskararentzat arnasgune gehiago sortzeko aukerak zabaltzea eta akordioak lortzea.

Azken helburu estrategiko horrek garrantzi berezia du, eta Jaurlaritzan uste dute «zeharkakoa» dela eta «lotura zuzena» duela gainerako arloekin. Izan ere, Jaurlaritzak «ezinbestekotzat» jotzen du akordioak erdiestea plana azken bururaino eraman ahal izateko. Batez ere, bi arlotan lortu nahi dituzte akordioak: alde batetik, adostasuna bilatu nahi dute legedian aldaketak sartu ahal izateko, eta, beste aldetik, «erakundeen arteko akordioak» ere izenpetu nahi dituzte, ezarri beharreko neurriak definitu eta aurrera eraman ahal izateko.

Hala berean, gizartearen aktibazioaren esparruan «sentiberatze kanpainak» antolatzeaaurreikusi dute, enpresei zuzendutakoak zein herritarrek euskarazko zerbitzuak eska ditzaten lortzera bideratutakoak. Gainera, sektore arteko foroak bultzatuko dituzte lankidetza ekinbideak sortzeko, eta akordioak bilatuko dituzte enpresa eta puntako markekin.

Eremu estrategiko honetan «ardurak» hartu behar dituzten eragileak ere identifikatu dituzte planean, eta Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Jaurlaritzako beste zenbait sail, beste erakunde publikoak, enpresak eta aholkularitza sektorea aipatzen dira.

Bi eskualde multzo

Plana Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarriko da indarrean, baina «euskara lan munduan sustatzeko estrategikoak» izan daitezkeen bi eskualde multzo zehaztu dira: alde batetik, EAEko hiru hiriburuen eskualdeak —Bilbo Handia, Donostialdea eta Gasteizko ingurunea— eta Behe Bidasoa, eta, beste aldetik, Bizkaiko Durangaldea eta Gipuzkoako Deba eta Oria ibaien arroak —Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea eta Goierri—.

Euskaldun kopurua, indusriak eta zerbitzuen sektoreak duten pisua, EAEko enpleguan eskualde horiek duten garrantzia eta beste zenbait faktore hartu dituzte aintzat zona horiek estrategikotzat jotzeko.

Adibidez, lehenengo multzoan euskaldunen kopurua %20 eta %50 artean dago, han zerbitzuen sektoreak pisu handia du, EAEko enpleguaren hiru laurden biltzen dituzte eskualde horiek, eta enpresa gehienak txikiak dira, baina saltoki handiek eta frankiziek indarra hartu dute. Bigarren multzoan, berriz, handiagoa da euskaldunen kopurua —%50 eta %80 artean—, industriak pisu gehiago du, eta tamaina handiko zenbait enpresa daude.

2019ko azken Gobernu Kontseiluan onartu dute Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana, eta 2020an hasiko dira indarrean jartzen, baina hura diseinatzeko prozesua askoz lehenagotik dator. 2015ean hasi ziren instituzioak eta herri ekimeneko euskalgintzako erakundeak gai honen inguruan hitz egiten, euskararen sustapenerako lan munduak duen garrantziaz jabetuta. Gaiarekin zerikusia zuen dokumentazio guztia aztertu ondoren, lehenengo txostena egin zuen Jaurlaritzak 2018an.

Txosten hori oinarri hartuta, hura egokitzeko eta zenbait eragilerekin kontrastatzeko prozesuari ekin zioten 2019an. Hiru herrialdeetako aldundiekin, hezkuntza arloko eragileekin, indus- tria eta enpresarien elkarteekin, sindikatuekin, finantza entitateekin eta beste zenbait eragilerekin harremanak izan ditu Jaurlaritzak, egoeraren diagnostikoa egin eta planean agertzen diren helburuak finkatze aldera.

Gainera, instituzioetan, euskalgintzan eta enpresa munduko zenbait sektoretan ere, aspaldikoa da euskarak lan munduan duen lekuari buruzko kezka, eta horren erakusgarri dira azken urteotan arlo horretan abian jarritako esperientzia ugariak: Indeus plataforma, Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiriak, udalerrietan antolatutako bestelako programak, euskara planei bide emateko Lanhitz diru laguntza deialdia, Euslan programa, eta abar.

Joan den azaroan Euskaltzaindiak antolatutako 24. Jagon jardunaldietan ere, euskarak arlo sozioekonomikoan dituen erronkak izan ziren eztabaidagai nagusia. Esperientzia horietan guztietan bildutako eskarmentua aintzat hartu dute oraingo plana diseinatzerakoan.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua azaldu da Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekarekin batera planaren berri emateko. Esan duenez, euskarak «hainbat esparru» irabazi ditu azken hamarkadetan, «baina beste batzuetan oraindik ere pausoak behar dira. Lan mundua horietako bat da: bide luzea daukagu egiteko arlo horretan, eta, era berean, arlo estrategikoa da».

Zupiriaren esanetan, abagune egokia da oraingoa munta horretako lantegi bati ekiteko: «Lehen gertatzen ez ziren baldintzak ditugu euskara lanaren munduan indartzeko. Lan mundura heltzen ari diren belaunaldi berriek inoiz baino gaitasun handiagoa daukate zereginak euskaraz egiteko. Baina bidea erraztu behar zaie, eta lehen aldiz plan zehatz bat daukagu horretarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.