Koronabirusa

«Gaixotzera bidaltzen gaituzte»

Koronabirusari aurre egiteko baliabide nahikorik gabe ari dira osasun zerbitzuetan, eta kexua ozendu egin da langile bat hil ondoren. Jaurlaritza ari da materiala erosten, baina erabilera erabat mugatu du

Gurutzeta. Hildako erizaina gogoratu zuten lankideek atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ezinegona eragin du koronabirusak: kutsatzeko beldurra, osasun ondorioen beldurra, bizitzako arlo guztietan ekarriko duenaren beldurra. Ezinegon hori are nabarmenagoa da osasun langileen artean: COVID-19 gaixotasunaren aurrean ari dira egunez egun, lehen lerroan, eta salatu dute behar adinako babesik gabe dihardutela, osasun arloko segurtasun neurriak erabat bete gabe. Haiek ari dira nozitzen material falta. Salaketa argiak jaso ditu BERRIAk: behin erabili beharreko materiala berrerabiltzen ari dira ospitaleetan eta anbulantzietan, eta ematen dizkieten maskara eta mantal batzuek ez dute balio koronabirusa ez hartzeko. «Hasita gaude zabor poltsekin zerbait egiten geure burua babesteko». Birusa hedatzen ari da egunez egun, eta ezinegona gero eta handiagoa da. «Beldur handia dago gure artean. Gaixotzera bidaltzen gaituzte».

Herenegungo albistea kolpe handia izan da osasun zerbitzuan ari diren langileentzat: koronabirusak jotako erizain bat hil zen. 52 urte zeuzkan, eta Galdakaoko ospitalean aritzen zen lanean, Bizkaian. Osasun arloko profesional ugarik geldialdi bat egin zuten atzo eguerdian, eta erietxe atarietan bildu ziren lankidea gogoratzeko. Babes neurri handiagoak eskatu zituzten protesta horietan.

Kontuan izatekoa da osasun langileei hasieratik eragin diela COVID-19ak: Txagorritxuko ospitaleko langile batzuk izan ziren kutsatzen lehenbizikoetakoak. Galdakaoko ospitaleko erizainaren heriotzak areagotu egin du langileen ezinegona, eta ozendu egin ditu material faltarekin lotutako salaketak. «Suminduta» mintzo da, adibidez, ospitaleko larrialdi zerbitzuetan aritzen den sendagile bat. COVID-19a duten gaixoak artatzen ari da egunotan. «Maskara kirurgiko bana eman digute, eta esan digute berrerabili egin behar dugula, nahiz eta jakin, adibidez, maskara horrekin artatutako pazienteak positibo eman duela». Antzekoa da egoera erabilera bakarreko mantalekin: «Desinfektatzaile pixka batekin garbitu, eta hainbat eta hainbat aldiz berrerabili ditugu».

Ez hori bakarrik: kasu askotan, behar bezalako baliabiderik ez, eta koronabirusarekin ez kutsatzeko prest ez daudenak erabiltzen dituzte. Hala kontatu du larrialdietako langile batek: «Paperezko maskarak eta mantalak ematen dizkigute. Aho aurrean eskua jartzeak bezainbeste balio dute».

Urkulluren eskaria

Material faltaren auzia hizpide izan du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk: osasun langileei eskatu die «arduraz» erabil dezatela materiala. «Behar handiagoko garaiak datoz, eta luze joko du». Larrialdi egoerako aholku batzordean bildu zen atzo Urkullu, eta nabarmendu zuen lehentasunen artean dutela osasun arloko materialaren auzia. Eguerdian, koronabirusaren bilakaerari buruzko agerraldian, zailtasunak dauzkatela aitortu zuen Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Mikel Sanchezek: «Ez da borondate edo diru kontua». Material horiek ekoizten dituzten enpresak itota daude, eta biltegiak, hutsik. Datu bat eman zuen Sanchezek: 400.000 maskara eta 3.000 mantal jaso zituen Osakidetzak herenegun. Kontuan hartzekoa da egiturazko 26.500 lanpostu dituela Osakidetzak. Sanchezen agerraldira galdera batzuk igorri zituen BERRIAk, langileen salaketei buruzkoak —bide telematikoz egiten dute agerraldia—; ez zituzten erantzun.

Birusaren eragina areagotzen ari da: hala diote datu ofizialek—testetan positibo eman dutenak, erietxean daudenak eta hildakoak—, eta hori berretsi dute langileek, egunez egun ikusten ari direla hedapena areagotzen. «Hau hasi besterik ez da egin. Egunez egun ari da okertzen, eta gehiago okertuko da». Hor dago korapilo bat: behar bezalako babesik gabe ari diren langileek noiz arte eutsiko dioten gaixotu gabe eta inguruan birusa zabaldu gabe. Arazo larria ekarriko luke horrek: gaixoaldiak, eta ingurua berrogeialdian.

Kontua da, ordea, jasotako lekukotasunen arabera, ez dela horrela jokatzen ari Osakidetza: COVID-19a dutenak babes egokirik gabe artatu dituztenak ez daude zaintzapean. «Kontaktu estua edukiz gero ere —bi metro baino gutxiagoko distantzia hamabost minutu baino gehiagoz—, ez gaituzte berrogeialdian jartzen. Lanera bidaltzen gaituzte maskara jarrita». Irizpidea da hamabost eguneko berrogeialdia egitea, osasun kontrolarekin. «Baina gu lanerako behar gaituzte, eta gaixotasuna zabaltzen segitzen dugu».

Ziur daude, izan ere, osasun langileen artean badirela kutsatuta lanean ari direnak. «Bat baino gehiago». Espainiako Osasun Ministerioak aitortu du erregistratutakoak baino dezente gehiago izango direla kutsatuak. Bitartean, egoerari ahal duten kemen handienez aurre egin nahian ari dira profesionalak: lan zama handiarekin, lanorduetatik kanpo ere lanean, eskatzen dieten guztietan zerbitzu ematen. Babesa eskatzen dute, ordea: babesa eurentzat eta ingurukoentzat, areago kontuan hartuta osasun egoera zailean dauden pazienteak artatzen dituztela askotan. Osasun langileak babestea, finean, herritar guztiak babestea izango baita. «Barneratuta daukagu gu kutsatuko garela, edo jada kutsatuta gaudela. Baina gure senideek edo negatibo eman duten pazienteek ez dute merezi gure kulpaz kutsatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.