Koronabirusa

Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko du astelehenetik aurrera

Tapia eta Murga sailburuek gaurko agerraldian emango dituzte xehetasunak. Madrilek hartu ditu lehen neurriak: tabernak, 01:00ean itxita, eta erretzeko debekua bi metroko distantzia gorde ezean

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa, atzoko agerraldian. CHEMA MOYA / EFE.
Irati Urdalleta Lete - Olatz Esteban Ezkati
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko du astelehenetik aurrera. Atzo gauean eman zuen horren berri, Telegram kanalaren bidez, gaztelera hutsean bidalitako ohar labur batean. Horren arabera, jarduneko gobernua «lanean ari da» datorren asteleheneko EAEko Aldizkari Ofizialean berriro osasun larrialdia ezarriko duen araua argitaratzeko. Eta horren arabera, besteak beste, Jaurlaritzak agindu ahal izango du herritarrak etxean konfinatzeko, eta moldatu ahal izango ditu ekintza batzuk, baita zerbitzuen erabilerak ere. Alegia, Iñigo Urkullu lehendakariak eskumena izango du herritarren joan-etorriak murrizteko eta jendea bakartzeko. Bi hitzetan esanda: marko juridiko bat, neurri murriztaileagoak legez hartzeko.

Ez da lehen aldia. Martxoaren 13an ere iragarri zuen Urkulluk osasun larrialdia, baina Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoera ezarri zuen hurrengo egunean, eta Urkullurena gainditu —Urkulluk uztailaren 12ko hauteskundeak egin ahal izateko altxatu behar izan zuen larrialdi egoera—.

Astelehenetik aurrera hartuko dituzten neurriei buruzko xehetasunak gaur emango dituzte Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Bilbon dute agerraldia (12:30).

Izan ere, Jaurlaritzaren azken orduko hori baino lehen, Madrildik iritsi ziren atzo COVID-19aren igoerari aurre egiteko hainbat neurri. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak iragarri zituen, atzo eguerdian egindako prentsaurrekoan. Egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta, arau berriak adostu zituen Osasun Ministerioak autonomia erkidegoetako presidenteekin. Hitzartutako arau gehienek gaueko aisialdiari eragingo diote; izan ere, Illaren esanetan, «ezinbestekoa» da gaueko aisialdia bertan behera uztea pandemiaren bilakaera eteteko. Baina gaueko aisialdian ez ezik neurriek eragina izango dute, besteak beste, ostalaritzan, erresidentzietan eta tabakoaren kontsumoan ere. Halere, Illa ministroak zehaztu zuen neurriok «gutxienekoak» direla, eta autonomia erkidegoek «murriztaileagoak» hartu ditzaketela. Nafarroako Gobernuak aurreratu zuenez, Foru Lege Dekretu bidez onartuko dituzte aldaketa horiek datorren asteazkenean, baina zehaztu zuen dagoeneko horietako batzuk martxan jarrita dituztela Nafarroan. Eusko Jaurlaritzak gaur emango du astelehenetik aurrera hartuko dituenen berri. Bitartean, honakoak dira Espainiako Gobernuaren aginduz Hego Euskal Herrian izango diren aldaketa nagusiak:

Gaueko aisialdia

Gaueko aisialdiaren inguruan sortutakoak dira azken egunetan iragarri dituzten agerraldi gehienak. Horri aurre egin nahian, alor horretan egingo dituzte aldaketa handienak aurrerantzean; hain zuzen, itxi egingo dituzte diskotekak, gaueko tabernak eta dantzalekuak.

Ostalaritza

Berritasun nagusia ixteko ordutegian dago: tabernak eta jatetxeak 01:00erako itxi beharko dituzte, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Halere, bestelakoa izan zen EAEko Auzitegi Nagusiak Illak hitz egin aurretik jakinarazi zuen erabakia, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek ezarritako errekurtsoa partzialki onartu baitzuen. Horien eskaerari erantzunez, auzitegiak ebatzi zuen gaueko tabernek aukera izango dutela 03:00etan ixteko eta diskotekak 05:00ak arte egon ahalko direla zabalik. Eskatu bazuten ere, auzitegiak ez die onartu dantzarako lekuak irekitzea. Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalari elkarteak ez daude ados Espainiako Gobernuarekin atzo adostu zituen neurriekin. Ziurtatu zutenez, errekurtsoa aurkeztuko dute Eusko Jaurlaritzak berriro ordutegiak mugatzen dituenean. Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia indarrean egongo da neurri berriak Estatuko Aldizkari Ofizialean agertzen diren arte. «Gaur egun indarrean dagoena EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena da», azpimarratu dute.

Erretzea, debekatuta

Erretzea debekaturik egongo da, bi metroko tartea utzi ezin daitekeenetan, eta kaleko zurruta ere debekaturik egongo da. Ministroaren esanetan, ezin da edari alkoholdunik edan kalean, eta isunak ezartzeko eskatu die udalei.

Zahar etxeak

Aisialdiari ez ezik, bestelako eremuei eragingo dieten neurriak ere iragarri zituen Illak. Zahar etxeena izan da COVID-19aren pandemian arreta gehien eskatu duen puntuetako bat, eta horiei eragingo dien neurriak ere iragarri zituen Illak.

Zahar etxe guztietan PCR probak egin beharko dizkiete egoiliar berriei, gehienez ere bertara sartu baino 72 ordu lehenago. Gainera, probak egingo dizkiete oporretatik eta baimenetatik bueltan zahar etxera itzultzen diren langileei, baita lanean hasi berri direnei ere.

Egoiliarrek jasotzen dituzten bisitetan ere izango du eragina erabakiak. Aurrerantzean, egoiliar bakoitza pertsona bakarrak bisitatu ahal izango du, egunean gehienez ordubeteko bisita izango da eta «prebentzio neurriak zainduta» egingo dituzte. Illak zehaztu zuenez, neurri horietatik salbuetsita egongo dira «hiltzear» daudenak. Gainera, zahar etxeek mailaka antolatu beharko dituzte bisita horiek, jendea ez pilatzeko. Egoiliarren irteerak ere ahalik eta gehien mugatuko dituzte.

Ekitaldi jendetsuak

Ekitaldi jendetsu bat egiten den aldiro arriskuen azterketa bat egin beharko dute tokiko agintariek, Espainiako Osasun Ministerioak jarduera horien inguruan adosturiko irizpideei jarraituz.

PCR probak

PCR probak egingo dizkiete talde jakin batzuei agerraldiak daudenetan; besteak beste, zahar etxeetakoei, ikastetxeetakoei edo kolektiborik zaurgarrienei.

Hiru gomendio

Derrigorrezko neurriak ez ezik, hiru gomendio ere eman zituen Osasun ministroak: eskatu zuen harremanak ahalik eta gehien murriztea, eta jende taldeak hamar pertsona baino gehiagokoak ez izatea. Era berean, tokiko agintariei galdegin zien arlo soziosanitarioan lan egiten duten langileei aldizkako PCR probak egiteko. Azkenik, gogorarazi zuen maskara jantzi behar dela, eta garrantzitsua dela eskuak garbitzea eta distantzia mantentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.