Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak hezkuntzako langileei testak egiteko asmoa dauka

Nafarroako hezkuntza komunitatearen foroak «informazio falta» salatu du ikasturtearen atarian, eta protestara deitu du. CCOOk Jaurlaritzaren neurriak gaitzetsi ditu, eta ez du baztertzen greba egitea

Gurutzetako ospitaleko laborategian, PCR probak egiten, aurreko astean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Iraila heldu da, eta hila astearekin batera hasiko dira eskolak ere. Haurrak ikastetxera joango dira ia sei hilabeteren ondoren, baina irrikaz edo tristuraz bizi ohi den une hori bestelakoa izango da aurten. Koronabirusak baldintzatu du bizimodua hilabeteotan, eta birusak baldintzatuko du hezkuntza ere. Protokolo, segurtasun neurri eta maskara artean ekingo diote ikasturteari ostiralean Nafarroan. Aurretik ezarriak zituen hezkuntzarako hainbat neurri eta plan Nafarroako Gobernuak, baina atzo jakinarazi zuen asmoa duela hezkuntzako langileei probak egiteko plan bat ezartzeko. Irizpideak erabat zehaztu gabe daude oraindik, baina zertzelada batzuk aurreratu zituen Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak atzo: irakasleei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei egingo dizkiete testak, eta «osasun zaurgarriena» duten irakasleek izango dute lehentasuna. Halere, Hezkuntza Departamentuak ez du argitu testak langile guztiei egingo dizkieten edota irizpide batzuen araberakoak izango diren. Kontseilariak azaldu du proba gehiago egingo dituztela egoera epidemiologiko «larriagoa» duten eremuetan. Inguru horietan, gainera, ikasleei ere testak egitea aztertzen ari da gobernua. Planaren xehetasunak «datozen orduetan» emango dituzte.

Gimeno kontseilariak, iluntzean Nafarroako ikastetxeetako zuzendariekin egindako bilera baino lehen eman zituen azalpen horiek. Bileran ez zituen argibide gehiago eman testei buruz, baina bere departamentuak aurrez aurreko eskolen aldeko apustua berresten duela esan zien zuzendariei, eta ohartarazi zuen haurrak ikastetxeetara joaten ez badira absentismoari buruzko protokoloak abian jarriko dituztela .

Nafarroako hezkuntza komunitatearen foroak —hainbat sindikatu, ikasle mugimendu eta guraso elkartek osatzen dute— salatu du «ezjakintasuna» eta «informazio falta» nagusi direla ikasturtearen atarian. Besteak beste, gaitzetsi egin ditu irakasleen kontratazioetan izandako murrizketak: gobernuak hasieran iragarri zuen 666 irakasle kontratatuko zituela, baina 173 izango diraazkenean, hezkuntza komunitatearen arabera. Aldi berean, salatu du oraindik ez dagoela argi nolakoak izango diren kontingentzia planak, eta ezta egoera berri honetan ikastetxe bakoitzak zer baliabide izango dituen ere.

Hori dela eta, hezkuntza komunitateakbiltzeko deia egin dio Hezkuntza Departamentuari, «alderdi pedagogikoak, funtzionalak eta psikologikoak» kontuan izango dituen plan bat diseinatzeko. Era berean, hainbat eskakizun helarazi dizkiete agin- tariei: langile gehiago kontratatzea, ez soilik irakaskuntza arlokoak, baita zerbitzuetako langileak ere; ratioak jaistea; kontratazioen eta kontingentzia planen inguruko informazio argia ematea; eta ikastetxe bakoitzean osasun langileak jartzea, besteak beste. Planaren barnean, unibertsitateko ikasketak ere kontuan har ditzaten nahi du komunitateak.

Egoeraeta aldarriak ikusarazteko, hainbat egitasmo jarriko dituzte abian aste honetan. Batetik, sinadura bilketa «jendetsu» bat egingo dute, eta, bestetik, informazio kanpaina bat abiaraziko dute sare sozialetan. Bestalde, asteazkenean Nafarroako Jauregiaren aurrean kontzentratzeko deia egin diote hezkuntza komunitate osoari. Deialdiarekin bat egin dute hezkuntza arloko sindikatuek, eta hainbat ikasle mugimendu eta guraso elkartek.

Ikasturte hasierak hautsak harrotu ditu hezkuntza komunitatetik haratago ere. EH Bilduk Iruñeko eskola publikoen egoera gaitzetsi du: ekainean plan bat zehaztu zuten Iruñeko eskola publikoak COVID-19ak eragindako egoerara egokitzeko, eta salatu du Iruñeko Udalak oraindik ez duela bete plan hori: «Bi hilabetean ez dute ezer ere egin. Argi geratu da eskuineko hiru alderdiek arlo honetan duten interesa hutsaren hurrengoa dela». Hezkuntza Sailaren protokoloak bete ahal izateko, kanpoaldeko zein barnealdeko eremuetan egokitzapenak egitea beharrezkotzat jo du EH Bilduk, eta plana berehala martxan jartzea galdegin dio udalari.

Ostiralean, Iruñeko Udalak iragarri zuen 72.000 euroko laguntza emango ziela hiriko 27 eskola publikoei; indar subiranistaren ustez, baina, «lotsagarria» da kopuru hori. EH Bildukoek azaldu dute laguntza hori urtero ematen den berbera dela, eta eskolek zer behar duten jakin gabe harturiko erabakia dela.

Greba, mahai gainean

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ostiralean aurkeztu zituen astelehenean hasiko den ikasturterako nondik norakoak. Astebeteren faltan, ordea, Jaurlaritzak sindikatuekin elkartzeko eskaerari erantzun gabe jarraitzen duela salatu du CCOOk. Isiltasunaren aurrean, mobilizazioei ekitea gero eta hurbilago ikusten du sindikatuak, eta ez du baztertzen behar izanez gero greba egitea. Pablo Gracia de Vicuña bozeramaileak esan du beste aukerarik ez dutela, Hezkuntza Sailak ez duelako «ezer jakin nahi» sindikatuez: «Beti luzatu izan diegu eskua; proposamenak egin dizkiegu, eta konponbideak eskaini. Elkarrekin biltzea espero genuen, baina erabat gutxietsi gaituzte». Garcia de Vicuñak azaldu du aste honetan bilduko direla sindikatuko kideak hartu beharreko neurriak adosteko, eta mobilizatzeko aukera guztiak jarriko dituzte mahai gainean, greba barne. Bestalde, sindikatuko bozeramaileak gehitu du Hezkuntza Sailak iragarritako neurriak gizartean dagoen «larritasuna» estaltzeko direla; esaterako, beste mila irakasle kontratatzeko erabakia. Sindikatuaren ustetan, aspalditik ezagutzen zituen datuok Jaurlaritzak.

Steilas sindikatuak ere Jaurlaritzaren protokoloaren inguruko iritzia eman du, eta berandu aritzea egotzi dio Hezkuntza Sailari. Ana Perez sindikatutako hezkuntza arduradunaren ustetan, ez da onargarria proposamenak ikasturtea hasi baino astebete lehenago egitea. Xehetasun falta ere nabarmendu du: «Neurrien erdiak ez ditugu ulertzen. Beste behin ere, ikastetxeen gain eta zuzendarien gain jarri dute ardura». Gainera, sindikatuak eta langileak gutxietsi dituztela adierazi du Perezek. Egoerari erantzuteko prest dago Steilas, eta haiek ere mobilizazioak iragarri dituzte.

Hezkuntza publikoan ez ezik, itunpeko ikastetxeetan ere izango du eragina Jaurlaritzaren protokoloak, eta Kristau Eskolak elkartetik baliabideak eskatu dizkiote Osasun Sailari. COVID-19aren pandemiak sor ditzakeen behar berriei aurre egiteko baliabideak jartzeko eskatu dio elkarteko patronalak Jaurlaritzari, tartean material higienikoa, irakasleen errefortzuak eta online irakaskuntzarako beharrezko ekipamenduak. Kristau Eskolak espero du eskakizun horiek erantzun bat izatea, eta Hezkuntza Sailarekiko «arrakalarik» ez sortzea. Bestalde, ostiralean aurkezturiko protokoloan eginiko «hobekuntzak» eskertu dituzte, eta azaldu dute protokolo ofizialekin bat datozen kontingentzia planak prestatzen ari direla ikastetxe guztietarako, «osasuna eta hezkuntza eskubideak» bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.