Txapa jantzi aurreko zirrarak

Administrazio eta erakundeen adierazpenez harago, lantalde txikien inurri lanak egiten du Euskaraldia. «Ilusioa» antzeman dute euskara elkarte horietako kideek, aukera ikusi baitute beren herriko edo auzoko hizkuntza ohituretan eragiteko.

Emakume bat Euskaraldiko txapa paparrean jartzen. JON URBE / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Euskaraldiak lehen eguna izan zuen atzo, eta datozen bi asteetan ohiko bihurtuko den keinua egin zuten askok estreinakoz: ahobizi edo belarriprest txapa hartzea eta kalera atera aurretik paparrean jartzea. Keinu txiki horren atzean, ordea, ehunka boluntarioren eta eragileren lana dago, hilabeteak baitaramatzate lanean, Euskaraldia hasterako dena prest izan zedin.

Erakunde publiko eta konpainia handien hitzarmen eta adierazpenez harago, boluntario eta lantalde horien inurri lanak egiten du Euskaraldia. Landaguneetako herri txikietan eta hiriburuetako auzoetan.

«Gainezka ibili gara azken egunetan», azaldu du Gasteizko Geu euskara elkarteko kide Azaitz Unanuek. Urtebete daramate Euskaraldia antolatzen, baina aitortu du data hurbildu ahala «nerbioek gora» egin dutela: «Lagun asko etorri zaizkigu edo telefonoz hots egin digute azken egunetan, txapak eskatzeko, banderak eta elastikoak saltzen ote ditugun galdetzeko... Ikastetxe askok ere deitu dute, Euskaraldiarekin lotutako material eske. Zoramena izan da».

Beste hainbat auzo eta herritan bezala, Euskaraldiak aitzakia eman die Geu elkarteko kideei auzoetako batzordeekin batera egitarau propioa prestatzeko. «Oso gustura egiten den lana da», esan du Unanuek: «Maite ditugu saltsa hauek. Aukera ematen digute auzoetako beste eragile askorekin harremanak sendotzeko eta elkarlan berriak sustatzeko».

Elkarlana funtsezkoa izan da Amikuzeko lantaldean ere (Nafarroa Beherea). Zabalik euskara elkarteko kidea da Laida Harluxet, eta dinamizatze lanetan eman ditu azken asteak. «Gure elkartearekin bat egin dute Amikuzeko ikastolak eta gau eskolak. Elkarlanean aritu gara, ariguneak prestatzen, izen ematea antolatzen eta zailtasunak zituzten herritarrei laguntzen», azaldu du.

Izan ere, Harluxeten esanetan, batzuentzat zaila izan da online izena ematea, eta askok «berehala» ematen zuten amore: «Kasu horietan, guk geuk betetzen genuen izena emateko prozesua».

Laguntza eta aholkularitza zerbitzuaz gain, baina, ekitaldi sorta ere prestatu dute egun hauetarako: «Amikuzeko ikastolak, adibidez, bere 50. urteurrenaren karietara egin zuen dokumental bat aurkeztuko du hilaren 25ean, eta hurrengo egunean tailer bat eskainiko dute, guraso erdaldunek egunero erabil ditzaketen euskarazko elkarrizketak eta esamoldeak ikas ditzaten: hartu berokia, goazen etxera... Helburua da pertsona horiek ere euskarara hurbiltzea eta ahalduntzea».

Iruñeko Txantrea auzoan, talde dinamizatzaile batek egin ditu prestaketa lanak: parte hartzaileen izen ematea antolatu, txapak banatu, elastikoak eta banderak saldu... Horiez gain, baina, Euskaldunon Biltoki elkarteak ere ekitaldi sorta propioa antolatu du. Atzo bertan, festa egin zuten auzoan, elkartearen 20. urteurrena eta Iruña dantza taldearen 40.a ospatzeko: «Euskaraldiaren hasiera aukera ona iruditu zitzaigun bi taldeok elkarrekin ekitaldi bat antolatzeko». Dantzarien eta fanfarrearen emanaldiaz gain, poteo musikatua eta kantu afaria egin zituzten.

Nerbioak «azken egunean»

Euskara elkarteotako arduradunek «ilusioa» antzeman dute beren bazkideen artean Euskaraldiaren dela eta, baina uste dute ilusio hori ez dela nabaritu azken egunetara arte. «Jendea lasaitxo ikusi dut... ia azken ordura arte», esan du Unanuek. «Agian hirugarren aldia izateak eragin du horretan: askok bazekizkiten Euskaraldiaren nondik norakoak, eta azken ordura arte itxaron dute prestatzen hasteko».

Antzeko sentsazioa izan du Harluxetek: «2020an, ahal bezala antolatu behar izan genuen Euskaraldia, pandemiak murriztuta, eta, agian horregatik, jendea hotz xamar nabaritu dugu aurten. Bazekiten bazetorrela, baina kosta zaie inplikatzea». Hori dela eta, txapak banatzeko ekitaldi bat antolatu zuten, «Euskaraldia era alaian eta dinamikoan hasteko eta, bide batez, izen-ematea sustatzeko».

Iruñeko Euskaldunon Biltoki elkartean, berriz, ez dute hoztasunik sentitu: «Hau euskararen topagune da urte osoan, hori baita gure elkartearen funtsa. Gure bazkideak ahobizi dira, eta gure arteko harremanak euskaraz dira beti», kontatu du Legarrak. Hala ere, Euskaraldiak izan du eraginik, batez ere elkartetik kanpoko harremanetan: «Elkartean baino gehiago, auzoan nabaritzen da Euskaraldia heldu dela. Txapak ikusita, berehala identifikatzen duzu nor den euskalduna, eta afixak ikus ditzakegu hainbat tokitan; beraz, euskara presenteago dago une oro. Bestalde, auzokide asko animatu egin dira egunotan euskaraz egitera, edo euskaraz dakiten apurra erabiltzera».

Paradigma aldaketa

Hain zuzen, eguneroko hizkuntza ohitura horiek aldatzen hastea da Euskaraldiaren erronka nagusietako bat. Horretarako, baina, denbora beharko dela uste du Zabalik elkarteko kideak: «Euskaraldiaren xedea da egunerokoan euskara erabiltzea: ogia erostean, kalean lagunekin topo egitean... Hor bakoitzak bere ardura du, baina kostako da usadio batzuei buelta ematea. Amikuzen, adibidez, euskarak kalean duen presentzia ez da oso handia; hortaz, hori erronka handia da».

Gasteizen, pixkanaka ari dira egoera horri buelta ematen. Euskararen kaleko erabilerari buruzko azken inkestek azaleratutako datuek «hobekuntza handia» erakutsi dute. Euskaraldiak bide horri eusteko aukera ematen duela uste du Unanuek: «Jende gaztea gero eta euskaldunagoa da, eta horrek esperantza ematen digu etorkizunari begira». Hala ere, euskararen erabilera are gehiago indartzeko bidean, «paradigma apurtu» beharra dagoela uste du Geu elkarteko kideak: «Euskararen etorkizuna hiriburuetan eta herri handietan dago: herritar gehien dituzten eremuak dira, eta dinamikoagoak dira. Erronka handia da, baina hor eragin beharra dago etorkizunari begira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.