Txina

Txina, konfinamenduen amaierarako bidean

Urumqin hiru lagun hil ziren joan den astean, sute bat hasi eta konfinamendu neurriek suhiltzaileen lana oztopatu zutenean. Haserrea segituan piztu, eta Txina osoan hedatu dira neurri horren aurkako protestak; orain, egoera baretuta, badirudi gobernuak manifestariak lasaitzeko keinua egin duela.

Boluntario batzuk, konfinatuta daudenentzako barazki poltsak prestatzen. EFE.
Olatz Urkia
Pekin
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Azaroaren 24ko gauean, Urumqiko (Xinjiang, Txina) etxebizitza batean sutea hasi, eta hamar pertsona hil ziren. Suhiltzaileak berandu iritsi ziren, eta, gainera, konfinamendua zela-eta zegoen hesiaren ondorioz, ezin izan zituzten sua itzaltzeko lanak ondo egin. Sare sozialetan segituan hedatu ziren irudiak: sua leihoetatik irteten eta suhiltzaileek jaurtitzen zuten ura etxebizitzara iritsi ezinik, urrunegi zegoelako. Ondoren, agintariek adierazi zuten istripu bat izan zela, eta tragediak ez duela konfinamenduarekin zerikusirik; zehazki, argudiatuta eraikin horretako ateak ez zeudela blokeatuta, eta biktimak garaiz irten ez baziren suteetan nola ekin ez zekitelako izan zela. Adierazpen horiek, noski, haserrea areagotu zuten; agintariek barkamena eskatu ez, eta, gainera, heriotza horien errua biktimei beraiei egozten zietela ikusteak aspalditik gordetako haserrea jasangaitz egin zuen: hurrengo egunean Urumqin ehunka pertsonak konfinamendu neurriak apurtu eta etxeetako hesiak puskatuz kaleetara atera ziren. Eta hori hasiera besterik ez zen izan.

Shanghai, Pekin, Guanzhou, Lanzhou... Asteburuan Txina osoan hedatu ziren protestak. Urumqiko biktimen omenez bijiliak antolatu eta, aldi berean, pandemiaren hasieratik sentitzen duten askatasun falta salatu zuten elkarrekin milaka pertsonak.

Pekinen, adibidez, igande gauean protestak 03:00ak arte luzatu ziren; kaleak poliziaz beteta zeuden arren, orduak behar izan zituzten manifestariak sakabanatu eta egoera lasaitzeko. Hiriburuko Liangmahe auzoan, gehienbat gazteek baina adineko hainbatek ere, kutsaturik gabeko estrategiaren amaiera eskatu zuten garrasika, orri zuri hutsak eskuetan zituztela: «Ez dugu PCR gehiagorik nahi, askatasuna behar dugu! Txinatarrok giza eskubideak nahi ditugu, amaitu konfinamenduak!».

Ezizenez Paco esaten dioten 22 urteko gaztea ere bertan izan zen. Elkarrizketa onartu duen arren, ez du kameren aurrean aurpegia erakutsi nahi. Elkarrizketa etxean egina da, kafetegia guztiak itxita daudelako eta kalean polizia gehiegi daudelako. Aurpegia ez zaio ondo ikusten, maskara, txano eta betaurrekoen artean: «Pekinen protestetan egon nintzen amaiera arte. Ulertzen dut jendearen nekea. Nik, adibidez, sufritu dut kutsaturik gabeko estrategia: psikologikoki, ezjakintasuna, hau inoiz amaituko ez den sentsazio horrengatik, eta ekonomikoki, zertxobait ere. Adibidez, urte honen hasieran, denda batean izan nintzen behin, eta gero leku berean izan zen bezero batek positibo eman zuelako, hotel batean konfinatuarazi ninduten aste batez. Nik neuk ordaindu behar izan nituen 4000 yuan [500 euro inguru]; ikaslea izanik, hori niretzat ez da txantxa bat. Hala ere, nire kasua, beste batzuenarekin alderatuta, ez da ezer; jendeak oso gaizki pasatu du. Adibidez, Xinjiangen milioika lagunek hiru hilabete egin dute etxetik irten ezinik; horrek esan nahi du hiru hilabete soldata jaso gabe egin dituztela, eta zer gertatzen da hipotekarekin edo ordaindu beharreko zorrekin? Horiek ez dira paralizatzen. Presioa dela-eta bere buruaz beste egin duen jendearen kasuak ere izan dira».

Horrelako kasuen salaketa ez da berria, pandemia hasi zenetik sare sozialetan izan baitira horrelako egoerak salatu dituztenak; konfinamendu neurriak indarrean sartzen lan egiten dutenek kexa deiak egin dituzte, baina jendeak kexa horiei entzungor egiten zaien sentsazioa dauka. Noski, sare sozialetako mezu kritikoak segituan ezabatzen dituzte. Eta zentsura horrek egoera okertu eta haserrea areagotu egiten du. Hain zuzen ere, zentsura izan da protesta olde honetan konfinamenduez gain salatu den gauza nagusia.

«Protestetan ikusi duzue manifestari askok Din—A4 tamainako orri zuriak erakutsi dituztela, afixa moduan, baina hitzik idatzi gabe. Orri huts horiek zentsura salatzeko erabiltzen dira. Orri hori erakutsiz, esan dituzten baina ezabatu diren hitz guztiak gogorarazi nahi dituzte. Haserrea erakutsi dugu, baina barnean niri beldurra ere geratzen zait, kontrola izugarria baita. Hainbat manifestarik protesten hurrengo egunetan Poliziaren deia edo bisita jaso dute etxean, presio egiteko; bijilantzia oso handia da».

Egunerokotasun arraroa

Gehienek txundituta ikusi dute protesten olde hori. Bat—batekoa iruditu zaie txinatarren haserrearen erakustaldi hori. Baina aspalditik handituz joan den zerbait da: munduan koronabirusarekin elkarbizitzen ikastea derrigorrezkoa da, baina Txinan ez da hala; orain arte, birusa kontrolatu nahi izan du. COVID—19aren kontra neurri zorrotzenak hartu dituen herrialdea da, eta are gehiago: gaur egun mantentzen dituzten neurriak pandemiaren hasierakoak baino zorrotzagoak dira.

Hirietan, milioika biztanlek gutxienez 48 orduero egin behar dute PCRa. Pekinen, adibidez, edonon daude testa egiteko etxetxoak eta buzo zuridun langileak. Orain, zero azpitik hamar graduko tenperatura dagoela, ilara luzea egin behar da testa egiteko. Hurrengo egunean, emaitza negatiboa sakelako osasun aplikazioan eguneratu, eta emaitza hori erakutsita posible da erosketak egitea edo bulegora sartzea, esaterako.

Denek daramate musukoa hirian, baita kalean ere. Ez dago inoiz konfinatua izan ez den inor. Eta konfinamendua aste batekoa bada, ez du axola; jendea ohitu da normaltasun horretara: barneratuta dago noizean behin etxetik irten gabe egun batzuk pasatzea saihestu ezin den zerbait dela. Baina, batzuetan, konfinamendu horiek zenbait aste edo hilabetetan luzatzen dira. Shanghaiko bi hilabeteko itxialdiaz asko hitz egin zen atzerrian, baina gutxiago ezagutzen diren beste eskualdeak ahaztu dira: Xinjiangen, Barne Mongolian eta beste askotan, Shanghaikoa baino okerragoak izan diren konfinamenduak pasatu dituzte.

Konfinatuta egoteak esan nahi du kalera behin ere irteteko baimenik ez izatea: ez erosketak egiteko, ez txakurra paseatzeko. Lanera joatea ez da posible, eta asko eta asko dira horren ondorioz lanpostua galdu dutenak. Konfinamendu bat dagoen bakoitzean jatetxe eta dendak ere itxi egiten direnez, milaka eta milaka dira negozioa itxi behar izan dutenak. Ondorioz, Txinako ekonomia oso garai zaila ari da pasatzen.

Tentsioa eta itxaropena

Protesta handienak amaitu, eta oraindik geratzen da haserre hori; sakabanatuta, hori bai, borroka bakanetan, herrialde osotik. Sare sozialetan ikusten dira hiri askotan protesta edo borroka txikiak, buzo zuridunen aurka bat—batean errebelatzen diren aiton—amonak ere, ez bakarrik gauean orri zuriekin ateratzeko prest dauden gazteak. Baina badirudi joan den asteburuko protesta jendetsu horiek amaitu egin direla.

Hori bai, ondorio nagusi bezala, hirietan polizia talde amaigabeak geratu dira; edonon daude, eta, adibidez, Pekinen jendeak salatu du kalean pasatzen direnei sakelakoa eskatu, eta Twitter eta Telegram bezalako sare sozialak begiratzeaz gain —horiek erabiltzen dira protestak antolatzeko—, manifestazioen irudiak izanez gero ezabatuarazten dituztela. Txinako komunikabideei dagokienez, entzungor egin diete protestei, erabat: ez da aipamenik izan, existitu izan ez balira bezala.

Hala ere, protestari askok uste dute garaipena lortu dutela: badirudi protestek eragina izan dutela. Asteon, Txina osoan hainbat urbanizazio konfinamendutik atera dituzte, pandemia hasi zenetik lehen aldiz, eta positibo eman eta konfinamendua ospitale berezietan egin ordez etxean egiteko aukera izan dutenen lehen kasuak ere izan dira. Erabat normala Euskal Herrian, baina oso arraroa Txinan. Denek dakite positibo eman bezain laster oso oinarrizkoak diren konfinamendu zentro edo ospitaleetan sartzen dituztela; kontaktua izatea ere nahikoa da anbulantzia etxean agertu, maletatxoa egiteko tarte bat eman eta konfinamendu zentroetara eramateko. Hori, aldiz, aldatzen ari dela dirudi. Eta, ondorioz, gero eta gehiago itxaropentsu daude, bai bertakoak eta Txina ondo ezagutzen duten atzerritarrak ere.

Beñat Arrasatekoa (Gipuzkoa) da, hegoaldeko Hangzhou hirian hezkuntza fisikoa irakasten du eskola pribatu batean, eta Txinan sei urte egin ditu dagoeneko: «Polita izan da jendea elkarrekin kalera atera eta haserrea atera dutela ikustea. Asko gustatu zait ere sortu den elkartasun moduko hori: ikustea, adibidez, Shanghain edo Pekinen jendea Urumqiko biztanleei babesa erakusteko kalera atera izana. Txinan hori ez da ohikoa; protesta olde honek asko harritu eta poztu nau. Hemen jendea benetan nazkatuta dago. Atzerritarrontzat zaila da, eta txinatarrentzat, gehiago: nire lankide txinatarrek, adibidez, ezin dute familia bisitatzera joan. Pandemiaren hasieran, mugak itxita zeudenez, atzerrira joatea zen zailena, baina orain zailagoa da Txinaren barnean bidaiatzea, atzerrira joatea baino. Hiri batetik bestera mugitu eta konfinatuta edo ondoren berriz irten ezin amaitzea oso ohiko egoera bihurtu da. Nik azken hilabeteotan jendearengan aldaketa handi bat ikusi dut. Hasieran, kutsaturik gabeko estrategiak gizartearen babesa bazuen, baina, orain, ez. Adibidez, lehengoan bizilagun bat etorri zitzaidan etxera, adineko bat, eta zera galdetu zidan: 'Eta nola daukazue zuek COVID egoera atzerrian?'; eta erantzun nion: 'Normal-normal. Norbaitek COVIDa harrapatzen badu, etxean konfinatu, eta listo'. Eta hark:'Horrela izan beharko luke hemen ere bai'. Ni itxaropentsu nago, eta guztia laster amaituko dela espero dut».

Gobernuaren ahultasun hori

Polizien presentzia eta presio hori, baina aldi berean manifestariek eskatu dituzten keinuak: badirudi gobernuak gizartea lasaitu nahi duela, baina hori egiten ari dela onartu gabe; ez du nahi pentsatzea posible eta erabilgarria dela ahultasuna erakutsi eta protestan ateratzea. Baina jendeak keinu argiak ikusten ditu: protesta gogorrenak amaitu eta hurrengo egunean bertan agintariek agindu dute adinekoak txertatzeko kanpaina indartuko dutela.

Hori oso esanguratsua da; orain arte, kutsaturik gabeko estrategiaren beharra azaltzeko argudio nagusia hori izan da: 80 urtetik gorakoen %40 baino gehiagok ez dutela txertorik, eta, ondorioz, irekiera dagoen momentuan hildako asko izango direla.

Argi dago kutsaturik gabeko estrategiari esker Txinan jende gutxiago hil dela: 1.400 mila milioi biztanleko herrialdean, 5.233 izan dira hildakoak. Hala ere, hori posible egiteko ekonomiarentzat eta gizartearentzat, luzaroan jasateko ezinezkoa den normaltasun berria sortu da. Gero eta gehiago dira uste dutenak koronabirusarekin elkarbizitza hemen ere hasteko garaia dela. Eta azkenean bai, baliteke Txinak ere bide hori hartu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.