Koronabirusa. IRITZIA

COVID-19 eta publikotasunaren zentzua EHUn

2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Azken egunotan, COVID-19 pandemiagatik birusa duten pertsonak atzemateko, EHUko zientzilari batzuek prestatutako PCR test bat onar dezan Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio ezohiko eskaera-gutun publiko bat, eta berau hor dabil batetik bestera atximendu-sinadurak sortuz. COVID-19aren birusa atzemateko testa sare zientifiko batek prestatu du, ez bakarrik EHUko zientzialariez osatua; Achucarro Zentrokoek, Biofisika Fundaziokoek eta Osakidetzakoek ere osatu dute, eta testa gai honetan erreferentzia den Espainiako Carlos III Osasun Institutuak balioztatu du dagoeneko, testak %100eko berariazkotasuna eta %92ko sentikortasuna duela ebatzita.

Bestalde, Eneko Axpek, egun NASAn lan egiten duen ikerlariak, erakusten zigun Euskal Autonomia Erkidegoa Europar Batasuneko herrialdeen zerrendako azken postuetan dagoela kasu positibo bakoitzeko test-kopuruari dagokionez, nahiz eta biztanleko egindako test-kopurua handia izan. Baina EAEk oso positibo-kopuru handia du, eta, beraz, inguruko beste herrialde batzuek baino test gehiago behar ditu gure egoerari buruzko informazio fidagarria lortzeko, pandemiaren irismena ezagutzeko, eta neurri eta ekintza zehatzak proposatzeko.

Aipatu idatziaren arabera, testaren aurrean, «Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren erantzuna garrantzia kendu eta gutxiestea izan da, eta hedabideetan gaiari buruzko informazioak isiltzen ahalegintzea». Murga Osasun Sailburuak interpretazio hori deskalifikatu du, euskal ikertzaileen lanean konfiantza agertuz, eta testa balioztatzeko azterketak egiten ari direla adieraziz, bai esparru klinikoan zein laguntzazkoan.

Prozesu guztia Eusko Jaurlaritzaren aldetik —ez bakarrik osasunezko— krisiaren kudeaketaren izaera autoritarioaren eta biztanleriari horrek ezartzen dion erretorika martzialaren erakusgarri nabarmena da. Kudeaketa hori ez da Eusko Jaurlaritzarena bakarrik, ondo hedatuta daude EAEko erakundeetan, hainbat aldaerarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusiak emandako arrazoiek erakusten duten lez, Lurralde Historikoan eguneroko heriotzei buruzko datu banandu, garden eta eguneratuak ez emateko —ospital-guneetan, zahar-egoitzetan edo etxe partikularretan—.

EHUn sortutako PCR testaren kudeaketak, gainera, unibertsitate-erakundearen beraren izaera publikoari eta gaur egungo testuinguruan duen funtzioari buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen du. Horretarako, ikuspegi filosofikoan eta bertatik egin daitekeen ekarpenean kokatzen naiz; alegia, desadostasunari uko egin gabe, galderak irekitzean, adostasun akritikoari uko egiteko. Zer esan nahi du EHU unibertsitate publikoa dela baieztatzeak?

Politika publikoen diseinuan paradigma neoliberala hasi zenetik, duela hiru hamarkada baino gehiago, publikoaren eta pribatuaren arteko mugak lausotuz joan dira. Bolognako Erreforma baino lehentxeago, merkatu akademiko bat sortuz joan da, non unibertsitate publikoak erregimen ekitatibo batean lehiatzen baitira graduko eta graduondoko ikasleen matrikula eskuratzeko. Baliabideengatik ere lehiatzen dira, egitura pribatua hobeto antolatuta den finantzaketa —eta tasa— erregimenetara gero eta irekiagoak dagoen erregulazio-mekanismo esparruan.

Aurreko irizpide ekonomikotik haratago, EHU unibertsitate publiko gisa bereizten duenaz galde dezakegu? Publikoa da araubide juridiko bati atxikitzea, gobernu edo estatu jakin batekiko mendekotasuna? Edo pentsa daiteke unibertsitatearen izaera publikoa haratago doala, arlo publikoaren zentzu propio batekin identifikatzen dela?

Gehienetan, unibertsitatea, komunitate autonomo eta kritiko gisa deskribatzen da, irakaskuntzan eta ikerketan, ezagutzaren produkzioan eta erreprodukzioan oinarrituta. Eta ez da aipatzen, ezta unibertsitatetik bertatik ere, herrialdeko erakundeak indartzeko eta gizarte-ahalduntzerako haren ekintza publikoa. Ekintza horrek gizarte zibilaren barruan kokatzen du unibertsitate publikoa: unibertsitateari erantzukizun politikoa eta kritikoa ematen dio, unibertsitateko gaiak (COVID-19ari gagozkiola, ikerketa-gaiak) gobernu-erakundeei edo merkatuari eskuordetzen dizkien erantzukizun-gabetzearen aurkakoa.

Alde horretatik, unibertsitate publikoa subiranotasunaren lekuaren eta ekonomiaren espazioaren artean kokatzen da. Ez haien arteko erdiko espazioan, erresistentziaren locusean baizik, desnaturalizatzeko mehatxua egiten duten bi sistemen aurrean. Unibertsitate publikoak ezin du bi razionaltasunetako bakar bat ere bete: (I) pribatizazioaren logikarena, non bere jarduteko modua irabazizko kalkuluari lotutako transakzio bat izango bailitzateke, baina era berean (II) ezin da txandakako gobernu-boterearen mende egon, bitartekaritzarik gabe eta bere autonomia onartu gabe; unibertsitate publikoa ez da, gure politikariek ulertzen duten bezala, botere-jardunaren transmisio autoritario eta demagogikoko kate baten engranaje hutsa.

Ezagutzaren eta juzgamenaren arteko bereizketa kantiarra unibertsitate publikoaren ulertzearen oinarrian dago. Izan ere, unibertsitate-komunitatearen figurari dagokionez, berau komunitate zientifiko-tekniko gisa ulertu behar dugu, bere gaietan perituen komunitate gisa baina, perituez gain, politikagintzaren aurrean kritiko eta arduratsuak diren pertsonek osatutako komunitate gisa ere bai.

Txandakako gobernutik unibertsitate-esparrua merkataritzako ekoizle-kontsumitzaile edo subirano-mendeko erlazio binarioekin parekagarria litzatekeen erlazioaren bidez —barnetik zein kanpotik— eratutzat hartzen dutenen aurrean, unibertsitatearen erlazioarteko esparruaren berezitasuna ezarri behar da, subiranotasunik gabeko agintean eta konmutazio utilitariorik gabeko berdintasunean oinarrituta. Jarrera horretatik eta COVID-19ak ezartzen duen erronka sozialetik abiatuta, EHU ezin da bizi gizartearen politikan proiektatu gabe, komunitate zientifiko-tekniko eta arduratsua den aldetik, eta horrek ez du esan nahi bere hezkuntza-espezifikotasuna desegin behar denik.

Ez nuke amaitu nahi PCR testa prestatzea lortu duten EHUko lankideek garatutako ikerketa-lana goratu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.