Noiz sortua: 2020-02-14 00:30:00

Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Zaldibarko zabortegia egonkortzen ari dira, bilaketari ekin ahal izateko

Koordinazio eta Jarraipenerako Mahai Teknikoak bilera bat egin du Zaldibarren, estreinako aldiz, luiziak ekarritako ondorioak aztertzeko. «Ahalik eta azkarren» ekin nahi diote desagertuak bilatzeari

Mahai teknikoa osatzen duten kideak, atzo, Zaldibarren.
Mahai teknikoa osatzen duten kideak, atzo, Zaldibarren. MIGUEL TOÑA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko otsailak 14

Estreinako aldiz, Koordinazio eta Jarraipenerako Mahai Teknikoak bilera bat egin du Zaldibarren (Bizkaia), joan den astean izandako luiziaren inguruko gorabeherak aztertzeko. Iragarri dutenez, aurrerantzean egunero egingo dute bilera hori, eta, Zaldibarren ez ezik, Ermuan (Bizkaia) eta Eibarren (Gipuzkoa) ere bilduko dira. Batzarraren ostean egindako agerraldian, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Segurtasun sailetako arduradunek esan dute berriro ari direla lanean luiziak hartutako eremuan, hura egonkortu eta, horrela, «segurtasun erabatekoz» ekin ahal izateko oraindik desagerturik dauden bi beharginak topatzeko lanei .

Eusko Jaurlaritzako zenbait sailetako ordezkariek, Bizkaiko Foru Aldundikoek eta Zaldibarko Udalekoek hartu dute parte mahai teknikoan. Bilera bukatutakoan, hainbat gairen inguruko azalpenak eman dituzte.

LANGILEAK BILATZEKO LANA

Azken egunotan, desagerturik dauden bi langileak bilatzeko lanak bertan behera utzi behar izan dituzte hainbat aldiz, eremua ezegonkorra zelako eta bilaketa lan horietan aritzen direnentzat arriskutsua suerta zitekeelako. Orain, mahai teknikoa osatzen dutenek azaldu dute lurra egonkortzeko lanean ari direla, makinekin ere bai, «ahalik eta azkarren» berriro ere erreskate lanei ekin ahal izateko.

Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak esan duenez, desagertuak topatzeak «lehentasuna» izaten jarraitzen du, baina gogorarazi du lanak «segurtasuna bermatuta» egin behar direla. Halaber, zehaztu du erreskatea eten izanagatik ere ez diotela inoiz «lan egiteari» utzi. Uste du erreskatea «azkar» joan daitekeela bi langileak egon daitezkeen eremurako sarbideak atondutakoan, baina ez du eperik eman nahi izan.

KUTSADURA ARRISKUA

Jaurlaritzaren ordezkariek esan dutenez, segitzen dute ur eta aire kontrolak egiten, eta orain arte izandako emaitza guztiak «normaltasunaren barruan» daude. Parametro batzuk ohi baino altuagoak diren arren, osasunarentzat arriskutsua izan daitekeen mailatik behera daude. Lagin batzuk Madrilera bidali dituzte, han aztertzeko. Inguruko baratzeen eta animalien kontrola egiten ere hasi dira.

Esan dutenez, ez dute amiantorik topatu zabortegiko eremutik kanpo, eta, usainari dagokionez, azaldu dute hidrokarburo aromatiko poliziklikoek eragina dela, baina ez dela kaltegarria osasunarentzat.

SUTEA

Ingurumen sailburuorde Elena Morenok esan duenez, metano isuriek eragin dute sutea. Arazoak daude itzaltzeko, segurtasun arrazoiak direla-eta zaila delako eremu horretara iristea.

Orain arte, helikopteroen eta roboten bidez ura botaz saiatu dira sutea amatatzen, baina ondorioztatu dute ura ez dela modurik egokiena horretarako, horrek ere segurtasun arazoak ekar baititzake, eta aurrerantzean hondarra botaz saiatuko dira suteari buru egiten. Horretarako, eremu horretara iristeko sarbideak prestatuko dituzte, eta itxaropena dute ibilgailuek hara iristeko modua dutenean sutea amatatzeko aukera egongo dela.

ENPRESAREN ARDURAK

Joan den asteazkenean, bilera bat egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta Verter Recycling 2002 SM enpresak —hori da Zaldibarko zabortegiko jabe eta kudeatzailea—. Han jakinarazi zion Jaurlaritzak enpresari zigor espedientea ireki diola; gainera, «egoera ez okertzeko» beharrezko neurri guztiak hartzeko ere eskatu zion Jaurlaritzak.

Jaurlaritzako ordezkariek esandakoaren arabera, enpresak adierazi zuen ezin dituztela eman administrazioak eskatzen dizkion agiri asko, zabortegiaren bulegoan zeudelako eta lur jausiaren ondorioz galdu direlako. Halaber, Jaurlaritzari jakinarazi zioten ez dutela baliabiderik presaz egin beharreko lanei aurre egiteko.

Hori ikusita, Jaurlaritzak zenbait erabaki hartu ditu; horien artean, lanik presazkoenak bere gain hartzea modu subsidiarioan; hau da, oraingoz, administrazioak lan horien ardura hartuko du, baina gero enpresari pasatuko dio gastua.

Elena Morenok esan du Jaurlaritzak ez zuela zabortegian azaldutako pitzaduraren jakinarazpenik, eta baieztatuko balitz azpiegituran arrakalak zeudela eta admnistrazioari ez ziotela horren berri eman, hura «arau hauste larria» litzatekeela.

Dena dela, Jaurlaritzako ordezkariek nahiago izan dute hondamendiaren arrazoiez ezer ez aurreratu. Ingurumen sailburuorde Elena Morenok esan duenez, «orain ez gara errudunak bilatzen ari, irtenbideak baizik».

ORAINGO ARRISKUAK

Zaldibarko zabortegiaren inguruan, arriskuak ez dira desagertu. Mahai teknikoa osatzen dutenek adierazitakoaren arabera, oraindik ere luiziak suerta daitezke, eta, horregatik, lehentasunetako bat da hondakinak ateratzea eta eremu osoa egonkortzea.

Euriteak egonez gero, arriskua handituko litzateke: izan ere, ura zabortegira ez sartzeko azpiegitura hautsita dago, eta ura sar daiteke euria gogor eginez gero, horrek dakarren arriskuarekin.

Lixibatuei dagokienez, Jaurlaritzako arduradunek esan dute berez ez dutela ezaugarri arriskutsurik, eta ohiko kolektorearekin daudela lotuta. Adierazi dutenez, baltsa bat eraikitzeko aukera aztertzen ari dira.

HONDAKINAK NORA?

Zaldibarko zabortegian egiten ari diren lanen arazo nagusietako bat da nora bidali handik ateratzen ari diren hondakinak. Joan den astelehenean, Elena Morenok azaldu zuen aztertzen ari zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden gainerako zabortegietara bidaltzeko aukera, eta bi aipatu zituen bereziki, Zallakoa eta Mallabikoa, horiek direlako amiantoa jasotzeko baimena duten bakarrak. Bi herri horietan ez dute albistea gogo onez hartu, eta Zallako alkateak, adibidez, jendaurrean eskatu zuen hondakinak hara ez bidaltzeko.

Orain, Elena Morenok azaldu du amiantoa eta bestelako hondakinak nahasirik daudela eta, beraz, guztia «hondakin arriskutsu» gisa tratatuko dutela. EAEn ez dago horrelakoak jasotzeko zabortegirik, eta kanpora bidaltzeko aukera aztertzen ari dira.

Albiste gehiago

Martxoaren 31n eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.647 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 441 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.775 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Oñatin. ©Jagoba Manterola / Foku

Euskal presoak kontuan hartzeko eskatu dio Etxegaraik Parisi

Berria

«Esan dute birusak ez duela bereizten klaseen artean, eta hori gezur handia da», adierazi du LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk. Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidenteak eskatu du EAEaren «berezitasunera» moldatzeko lan jarduera bertan behera uzteko erabakia: «Denontzako kafeak ez du balio».

Martxoaren 31n eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.647 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 441 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.775 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Koronabirusa2: mesederik ez

Koronabirusa2: mesederik ez

Berria

Elhuyarrek koronabirusari buruzko bederatzi bideo labur prestatu ditu, eta egunero ikusgai daude BERRIAn.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna