Haranburuk preso segituko du, fiskalak helegitea aurkeztu ostean

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Preso segituko du Frederic Haranburu Xistor euskal presoak. Hura baldintzapean aske uzteko eskaeraren alde egin du Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak, baina terrorismoaren aurkako fiskaltzak erabakiaren kontrako helegitea ezarri du berehala, eta Haranburu kartzelan egongo da aurrerantzean ere. Dei Auzitegiak beranduenez datorren irailaren 24an aztertu beharko du helegitea. Lannemezango (Okzitania) presondegian dago Haranburu; 30 urtetik gora daramatza preso.

 

Bake Bideak fiskalaren erabakia salatu du, ohar batean, «haren itsukeriaren eta jarrera mendekatzailearen ondorioz Haranburu preso geldituko baita, dei auziaren zain». Bake Bideak gaur emango du auziari buruzko azalpen zabalagoa.

Uztailaren 9an aztertu zuten Senpereko (Lapurdi) presoa baldintzapean aske uzteko eskaera. Atzo, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak bat egin zuen defentsaren argudioekin. 30 urte baino gehiagoko kondena beteta, Haranbururen zigorra «efektiboa» dela kontsideratu du, presondegian izan duen ibilbidea «ezin hobea» izan dela, eta ez dela arriskurik egozten dizkioten delituak berriro egiteko. Epailearen hitzetan, Haranburu askatzeak ez luke trabarik eraginen ordena publikoan, eta hainbat euskal hautetsik adierazi dioten sostengua eta Baionako prokuradorearen aldeko iritzia nabarmendu ditu. «Orain arteko helegiteetan, Haranburu askatzeak Espainian eragin lezakeen nahasmendua aipatzen zuen. Epaitegiaren ebazpenean emana da Haranburu Espainian zigortu izan balute jadanik aske legokeela», adierazi zuen Maritxu Paulus Basurko defentsa abokatuak, atzo.

Euskal presoaren osasun egoera ere aipatu du auzitegiak, eta erran du komenigarria dela hura aske uztea COVID-19ak eragindako osasun krisiaren garaiotan.

Dei Auzitegiak ebazpena berretsiko balu, hemezortzi hilabetez eskumuturreko elektronikoa eraman beharko luke Haranburuk, eta zortzi urtez izango lituzke betebehar juridikoak. «Haren kondena osoki bukatzerako, 75 urte izanen lituzke», azaldu du Basurkok. Hala ere, terrorismoaren aurkako fiskaltzak helegitea aurkeztu du, eta gehienez ere bi hilabeteren buruan aurkeztu beharko dute. «Kezkatua» agertu da defentsa abokatua: «Orain arte, baldintzapean aske geratzeko eskaera guziak ukatu dituzte Dei Auzitegian, sistematikoki».

Elkarretaratzea gaur

Gaur, Bakegileek deituta, elkarretaratze bat eginen dute Senperen, lelotzat 30 urte aski da! hartuta. Goizeko hamaiketan hasiko da bilkura, herriko sarreretan dauden bi biribilguneetan.

Datorren asteazkenean izango da euskal preso bati buruzko hurrengo auzi saioa Frantzian: Dei Auzitegiak esango du Josu Urrutikoetxea aske utziko duen edo ez. Uztailaren 1ean libre uzteko erabakia hartu zuen, eskumuturreko bat erabiltzeko baldintzarekin, eta La Sante Parisko espetxeak horren azterketa bat egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.