Espainiako Gobernuak barkamena eskatu du 'Almeria auziarengatik'

Guardia Zibilak hiru gazte torturatu eta hil zituen 1981ean, ustez ETAko kideak zirelakoan. Biktimek esan dute «berandu» heldu dela eskea

Mañas biktimaren ama eta anaia, atzoko ekitaldian. CARLOS BARBA / EFE.
Edu Lartzanguren.
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ekitaldi bat egin zuen herenegun Almerian duen ordezkaritzan, barkamena eskatzeko 1981. urtean Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hildako hiru gazteren senideei.

«Estatuaren bihotzetik» eskatu zuen barkamena Fernando Martinezek, Oroimen Demokratikorako Estatu idazkariak. Martinezek nabarmendu zuen erakundeek «bidegabeki abandonatu» zituztela senideak «hamarkada luzez». Onartu zuen berandu heldu dela barkamena eskatzeko ekitaldia.

1981. urteko maiatzaren 10ean, Guardia Zibilak hiru gazte atxilotu zituen Roquetas de Marren (Espainia): Juan Mañas, Luis Cobo eta Luis Montero. Santandertik Almeriara joan ziren auto alokatu batean, Mañasen anaia txikiaren jaunartzera. Hurrengo egunean hilda agertu ziren, erreta ibilgailuaren barruan, tiroekin eta tortura aztarna nabarmenekin.

1982. urtean epaitu zituzten Carlos Castillo Quero teniente koronela eta beste bi guardia zibil. Epaiketan ondorioztatu zutenez, ETAko kideak zirelakoan atxilotu zituzten gazteak. Abandonaturiko kuartel batean torturatu zituzten, hiltzeraino, eta, aztarnak ezabatzeko, autoa amildegi batetik behera bota eta su eman zioten. 24 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Castillo Querori, eta hamar urte egin zituen espetxean. Atera eta bi urtera hil zen. Beste guardia zibilei 15 eta 12 urteko zigorra ezarri zieten, hurrenez hurren.

Biktimei barkamena eskatzeko ekitaldian parte hartu zuen, herenegun, Guardia Zibilaren zuzendari Maria Gamezek ere. Diploma bat eman zien Mañasen amari, anai-arrebei eta iloba bati. «Almeriako gertakari ikaragarri haiek ez zuten gertatu behar», esan zuen Gamezek.

Francisco Mañasek, Javier Mañasen anaiak, adierazi zuen «aringarria» dela barkamen eskea biktimentzat, baina, hala ere, azpimarratu zuen «beranduegi» iritsi dela. Halaber, eskatu zuen hiru hildakoei «merezi duten tratua» eman diezaietela Espainiako Memoria Demokratikoaren Legean.

Jon Iñarritu EH Bilduren Kongresuko diputatuak Twitter bidez ohartarazi zuen «Euskal Herrian jasandako tortura sistematikoaren eta hilketa sumarioen» adibidea dela Almerian gertatutakoa. Espainiako Gobernuak «akatsa» onartu duen arren, galdetu zuen ea gauza bera egingo lukeen hildakoak euskal herritarrak izan balira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.