Albistea entzun

«Utero gabe itzultzen dizkiete umeak amei»

Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria da Kongoko Errepublika Demokratikoko gerran arma nagusia, Caddy Adzuba aktibistaren arabera. Hitzaldia eskaini du Bilbon egunotan.
Caddy Adzuba kazetari kongoarra Bilbon izan zen atzo.
Caddy Adzuba kazetari kongoarra Bilbon izan zen atzo. MARISOL RAMIREZ / ARP

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2015eko apirilak 17 - Bilbo

Sakelakoak erakusteko eskatu du Caddy Adzubak (Bukavu, 1981) jendez lepo dagoen EHUren Bizkaia aretoan, Bilbon. Entzuleek telefono mugikor adimenduak altxatu dituzte. «Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarrak hiltzen ari gara zuek horrelako telefonoak izan ditzazuen». Afrikako eta Asiako emakumeek jasaten duten indarkeriari buruz hausnartzeko jardunaldiak egin zituzten atzo Bizkaiko hiriburuan, eta Adzuba kazetari kongoarrak eman zuen hango errealitatearen berri. Bi hamarkada daramatza herrialdeak gerran, eta aktibistak argi du ekonomikoa dela auzia, hedabideek afrikarren arteko tirabira gisa aurkeztu arren. Emakumeak dira gerra gehien sufritzen dutenak. «Armak ez dira soilik bonbak eta kalaxnikovak. Sexu indarkeria ere arma bat da gurean: suntsiketa masiboko arma».

Koltan izeneko materiala dute sakelako adimenduek, eta mineral preziatu horretan aberatsa da Kongo. Baina zorigaitz bihurtu zaie aberastasuna herritarrei. «Gure herrialdea pobreziatik ateratzeko baliabideak ditugu, baina beste herrialde batzuen menpe egon gara beti. Minerala ustiatu nahi duten enpresa eta estatuek ekarri dute gerra hona». Azaldu du talde armatuek gerra egiteko era garaikidea garatu dutela andrazkoak arma gisa erabiliz. «Etsaiak badaki gerra irabazita duela emakumeen gorputzean sartzen baldin bada». Datuak ere eman ditu: txosten ofizialen arabera, 500.000 sexu eraso izan dira 1998tik gaur egunera arte. «40 emakume bortxatzen dituzte egunero».

Andre nekazarien aurka egiten dutela azaldu du. Eta, produkzio indarraren eta ekonomiaren motorra diren heinean, herrialdearen pobrezia egoera sakontzen duela horrek. Hori gutxi ez, eta hiesa kutsatzen dietela azpimarratu du: «Bortxatutako emakumeen %66k hiesa dute, eta, horren ondorioz, komunitatean bazterketa sufritzen dute».

Helduen aurka ez ezik, neskatoen kontra ere erabiltzen dute indarkeria. Haurrak bahitu, bortxatu eta andreei itzultzen dizkiete gero, sexu organoak guztiz hautsita dituztela. «Bagina eta uterorik gabe itzultzen dizkiete amei. Ugalketa saihestu eta herriaren etorkizuna kolokan jartzen dute era horretan».

Frustrazioa eta trauma dira nagusi. «Basakeria mota berri bat dugu: emakumeen genozidioa edo feminizidioa. Sarraski antolatua da». Duintasuna eta genitalak galdu dituzte sexu erasoak jasan dituzten andre kongoarrek. Baina «pena» botere bihurtu nahi dutela gaineratu du. «Ez dugu biktima izan nahi, altxatu eta elkarri lagundu behar diogu. Pena botere bihurtu, eta ahaldundu egin behar dugu». Eta horretan ari da lanean Adzuba. Hegoaldeko Kivuko Hedabideen Emakume Elkarteko kidea da bera, eta herrialdeko emakumeen ahots isilduei toki egiteko ari da lanean. «Horretarako sortu genuen elkartea 2003an, egoeraren berri emateko».

Koltanaren ahotsak

Ez da erraza isiltasuna haustea, ordea. Eta testigantzak jasotzeko ahaleginean, errealitate gordinarekin egin zuen topo Adzubak 2005ean. Herrixka batera jo zuen bost lankiderekin batera, hango emakumeekin hitz egitera: hutsik aurkitu zuen herria. «Etxola batean emakume bat topatu genuen; ebakia zuen uzkitik baginara. Herrian andre gehiago egon behar zuela esan zigun, eta beste 80 aurkitu genituen egoera berean». Laguntza bila jo zuen Adzubak lankide batekin, eta zauritutako emakumeekin geratu ziren beste hirurak. «Medikuekin itzuli ginenean, lankide bat hilda aurkitu genuen, eta beste biak, bortxatuta». Bizirik ateratako lankideen testigantzekin hasi ziren Kongoko milaka emakumeren sufrikarioari ahotsa jartzen.

Nazioartean ere egoeraren berri ematen ari da. Azken urteetan AEBetan, Belgikan eta Ingalaterran izan dira, eta mineralaren erabilera debekatu du AEBetako Senatuak eurekin egon ondoren. Europako Parlamentuan orain ari dira auzia lantzen. Baina azaldu duenez, iritziak banatuta daude. «Kongoko hedabideetako emakumeak lobby lana egiten ari gara nazioartean».

Arduraz mintzo da Adzuba bere herrialdearen egoeraz, eta beharrezko ikusten du nazioarteko herritarrak egoeraz jabetzea. Bitartean, lanean jarraituko dutela adierazi du. Eta koltana duen sakelako telefonoa atera du berak ere. «Bost erosi nituen, nire odola duelako tresna honek bere barruan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Papresa enpresaren paper fabrika, Errenterian. ©ARKAITZ ANZA

Paper industriaren hondakinak pirolisiz eta errekuntzaz deuseztatu nahi dituzte Bergaran

Imanol Magro - Eizmendi Iñaki Petxarroman

Urtean 155.000 tona hartuko lituzke, eta Euskadiko Paperaren Klusterra du sustatzaile. Zaldibarrek hondakin horietarako utzitako hutsunea estali nahi du proiektuak. Hirigintza baimena lortuta, ingurumen tramitazioa hasi dute

EHUren Donostiako campuseko fakultate bat, artxiboko irudian ©Javier Etxezarreta / efe

ELAk azaldu du EHU zigortu dutela ikertzaile eta irakasle batzuek jasandako «soldata diskriminazioagatik»

Irati Urdalleta Lete

ELA sindikatuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoen eta Ramon y Cajal eta Juan de la Cierva programen bidez kontratatutakoei zuzenean kontratatutako ikertzaileei eta irakasleei baino 7.000 euro gutxiago ordaintzen zizkieten.

Indarkeria matxistaren aurka iaz Zarautzen eginiko protesta baten irudia. ©Jon Urbe, FOKU

Gizonezko bat atxilotu dute Zarautzen, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita

Uxue Rey Gorraiz

Erasoa joan den igandean gertatu zen, goizaldean. Atxilo eraman zuten gizonezkoa, eta asteartean igaro zen epailearen aurretik. Zarauzko eta Zumaiako udalek elkarretaratzera deitu dute biharko.

Gaur goizean datuak azaltzeko egin duten agerraldia. ©Bilboko Udala

Bilbon 2.100 etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta 6.000 eskaera etxebizitza bat eskuratzeko

Jone Arruabarrena

Gazteetan ageri dira etxebizitzaren arloko daturik kaskarrenak: 18 eta 34 urte bitarteko 37.000 gazte oraindik familiaren etxean bizi dira. Bilboko Udalak jakinarazi du «etxebizitzaren arloko bulego bat» sortuko duela datorren urterako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.