Alarde bat guztiontzat

María Valiente - Ahal Dugu-ko Gipuzkoako batzarkidea

2018ko uztailak 27
Txilibituak, erredobleak eta partxeak isilik daude. Eskopetak ere isil-isilik daude. Alborada, dianak, teiro, joló, San Martzial ereserkia, rataplan oraindik dauzkagu geure buruetan. Bihotza taupadaka hasten da emakumeen eta gizonen arrankada hori gogoratuz; izan ere, aurten berriro hartu ditu Irungo kaleak txeraz, alaitasunaz eta erabateko berdintasunez betez. Baina oraindik mina eragiten duten beste oroitzapen batzuk lerro hauetan islatzeko unea ere bada hau.

Hain zuzen ere, aurten berriro gertatu da: EAJk eta PSEk berriro errefusatu dute Irungo alardearen berdintasunaren aldeko apustu garbia egitea Batzar Nagusietan. Ahal Dugu-ren ekimenez eztabaidatu zen proposamena. Foru Aldundiaren eta lurraldeko ganberaren ordezkaritza ofizial bat bidaltzea planteatzen zen Irungo alarde mistoari harrera egiteko, hogeigarren urteurrena dela eta. Bi alderdiek alarde berdintzaileari harrera egiteari uko egiteak ederki islatzen du beldurrezko jarrera garai honetako ezinbesteko aldaketen aurrean: kontua ez da bakarrik ez diotela harrera egin nahi eta ez dutela aintzat hartu nahi ere; kontua da erakunde gisa jendaurrean eta era ofizialean adierazteak beldurra ematen diela.

Horregatik, erakundeetan ardurak dituzten batzuk Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza, aurten, eta, aurreko edizioetan, Denis Itxaso, maila pertsonalean joan dira hitzordu horretara. Aurrerapen bat da, baina, argi eta garbi, ez da nahikoa. Lehenengo alarde mistoak mespretxu keinu kezkagarrien artean lehen aldiz desfilatu zuen, eta, hogei urte geroago, norberaren babesa ez da nahikoa. Auziaren iltzea, nire iritziz, emakumeen eta gizonen artean Irungo jaietan ere bai berdintasunaren aldeko babesa emateko eta aintzat hartzeko adierazpena instituzio publiko eta ofizialek egitea da, baita gobernuek ere, instituzio horiek guztionak baitira.

Tratatzen ari garen gaian, erakundeen inplikazioak, justiziaren eta berdintasunaren alde bustitzeko balio behar izateaz gain, adibidea ere eman behar du, eta, azkenean, ekintzez erakutsi behar da ordezkari publiko garenok bizi garen gizartea hobetzearen alde lan egiten dugula. Eta begi bistakoa da asko geratzen zaigula hobetzeko.

Euskadi gobernatzen duten bi alderdiek konpromiso faltagatik eman duten mezu txepela gain behera doan gizartearen zati bati ematen zaio. Ez dute molestatu nahi gizartea, eta lozorro erosoan dauden bitartean, gizartearen errealitateak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko aldarrikapena barne aurrea hartu diela lau aldeetatik. Gizartearen multzo horrek ez zuen ulertu emakumeek Martxoaren 8an egin zuten oihua, eta ez du ulertzen tradizioak batzuetan aldatu ere aldatzen direla. Zeren, galdera hau egin ahal diogu geure buruari: oraindik ere existituko al litzateke alardea bilakaera bat gertatu izan ez eta garai berrietara egokitu ez balitz? Tradizioaren definizioetan blindatuta geratzen bagara, inolaz ere ez.

Gipuzkoako Aldundiak argudiatzen du Hondarribian eta Irunen gertatzen dena bizikidetza arazoa dela, auzokideen arteko gatazka bat balitz bezala. Baina gertatzen dena askoz larriagoa da, emakumeen eskubideak konkistatzeko arazo bat da. EAJren eta PSEren aldetik alarde mistoari merezitako aintzatespen instituzionala ez emateko arrazoiak entzutean, iruzurrezko eszenatokian kokatzen gara: erakundeek erakundeetako ordezkariek aintzat hartzen dituzte berdintasuna ukatzen dutenak, eta babesa ematen diete, baina ez dute berdin jokatzen emakumeen eskubideen alde lan egiten ari direnekin. Atzekoz aurrerako mundua da.

Politikan, aukeratu egin behar da. Foru Aldundiaren ordezkaritza ofizial bat bidaltzea alarde mistoari harrera egiteko, guztion eskubideen aldeko jarrera garbia zela argi izan genuen, generoa, arraza edo izaera alde batera utzita. EAJk eta PSEk ukatu arren, irundarrek badakite Ahal Dugu-kook berdintasunaren alde gaudela eta garaiak zein tradizioak aldatzen direla. Eta badakite alarde berdinzaleetan dugun presentziak beraien berdintasun-eskaerak partekatzen ditugula.

Alardeak direla-eta EAJk eta PSEk erakusten duten txepelkeria ezin da ulertu berdintasunaren eta erantzunkidetasunaren aldeko kanpainak egiteko duten ekimenarekin. Berdintasun politikak gizarte politikak bezala, giza baliabidez, bitarteko materialez eta aurrekontuez egiten dira, ez dira kanpaina hutsak. Kontua ez da kanpaina horiek sobera dauden ala ez; argi dago ez daudela sobera. Kontua da borondate politikoa falta dela berdintasunerako aurrekontua handiagotzeko; bestalde, borondate politikoa falta da alarde mistoarekiko jendaurreko jarrera ofizial bat hartzeko, eta, batez ere, berdintasunaren gaian ordena jartzeko kapaz diren instituzioak falta dira nabarmenki.

Erakunde horien artean, Irungo Udala dago, eta José Antonio Santano PSEko alkateak lan eskerga egiteko dauka. Urtez urte, agur instituzionala ukatzen dio alarde mistoari. Keinu horrek agerian uzten du guztionganako eta berdintasunaren alde lan egiten dugunonganako mespretxua. Santanok ez du aintzat hartu nahi aniztasunaren eta berdintasunaren errespetua urte osoan, jaietan ere bai; lortzen bada, guztiok handiagoak izango garela.

Egin dezagun amets esna gaudela; Herritar guztion ahaleginaz, lanaz eta irmotasunez ahaidetasunezko hiria izan dadila Irun.

Gora Irun!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna