Durangoko 56. Azoka

Begiekin entzuten diren hotsak

Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak 'Barruko hotsak' umeentzako poema bilduma plazaratu dute. Onomatopeiak eta kaligramak lagun, haurren egunerokoa poesia bihurtu dute

Leire Bilbao idazlea eta Maite Mutuberria ilustratzailea, elkarrekin ondu duten liburu berria eskuetan dutela, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
«Nire barruko animaliak/ nirekin esnatzen dira./ Kukurrukuuuuuuuuuuuuu!/ Iratzargailuan zortziak dira./ Buru gaineko kalparra/ harrotzen hasi da». Esnatzearekin hasten da haurraren egunerokoa, eta, une horretatik bertatik, ehunka hots izango ditu lagun egun osoan. Barneko nahiz kanpoko soinu horiekin jolas eginez, hotsak poema bihurtu dituzte Leire Bilbao idazleak eta Maite Mutuberria irudigileak. Eta ume baten egunaren soinu banda izandaitekeena jaso dute Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk albumean. Pamielak plazaratu du haurrentzako poesia bilduma.

Lan berriaren bidez, Xomorropoemak eta Piztipoemak (2016) liburuekin elkarrekin hasitako bideari jarraipena eman diote egileek. Oraingoan, baina, zomorroak eta piztiak ez, hotsak hartu dituzte poemetarako lehengai. Duela bizpahiru urte sortutako ideia baten emaitza dela azaldu du Bilbaok. «Soinuen inguruan liburu bat ondu nahi nuen, barruko hotsen inguruan, hain zuzen. Eguneroko bizimoduan hainbat hots eta zarata ditugu gure egunerokoa osatzen dutenak. Batzuk hain barneratuak ditugunak oharkabe pasatzen zaizkigula, eta beste batzuk, entzun arren aditzen ez ditugunak; alegia, ez dugula eurengan erreparatzen edo pentsatzen, baina hor daudela. Eta hots horiek guztiak material ezin hobea iruditzen zitzaizkidan poema liburu bat osatzeko, hau da, ume baten egunerokoa edo eguna, esnatzen denetik berriz lokartzen den arte,soinuen bidez kontatzeko». Hala, hamar ataletan banatuta datoz poemak liburuan, eta atalen izenburuetatik bertatik hasten da soinuekiko jolasa: Esnaera, ixo!; Gosariko doinuak; Bainugelako musika; Arropen durunda; Bideko rock and rolla; Mahaia, aulkia eta arkatzaren jazza; Esna egiten diren ametsen sinfonia; Kalean punk; Etxeko zaratotsak; eta Lotara joan aurreko kantua. Haur baten egunaren ohiko une bakoitzeko soinuak biltzen dituzte. Horregatik du abizen modura izenburuak eta beste soinu txiki batzuk, «soinu horietatik ahalik eta gehien» jasotzen saiatu direlako.

Jolasa izan da beste osagai nagusi bat bi sortzaileentzat, idazleak adierazi duenez. «Liburu honekin harago joan nahi genuen, forma berriak probatu nahi genituen eta esperimentatu nahi genuen batez ere, hau da, jolastu. Liburu jolastia egin nahi izan dugu, eta, zergatik ez, umore dosi batekin». Eta jolas horretan, bere asmoa zein zen ere azaldu du Bilbaok: «Nire nahia zen poema bakoitzean irudi bat ikusi eta soinu bat entzutea». Bai ahoz gora irakurtzean, baina baita barrurantz irakurtzean ere. Eta, horretarako, bi baliabide hautatu dituzte: onomatopeiak eta kaligramak. «Nik letrekin soinuak idatzi nahi izan ditut, eta irudiak ikusarazi. Eta gauza bera egin du Maitek ilustrazioekin». Bere «konplize» nagusiarekiko esker oneko hitzak izan ditu idazleak, «bide berriak» jorratzen jarraitzeagatik.

Eta Bilbaori eskerrak Mutuberriak bueltan: «Leirek ideiak borborka ditu beti. Sekulako gogoa du beti proiektuak aurrera ateratzeko, eta ni bultzatu egiten nau gauza berriak egitera eta bide berriak marraztera». Haren idazkera goraipatu du irudigileak. «Bere testuek badute ilustratzaileentzat oso ona den zerbait: irudiz josita daude; oso aberatsak dira, eta oso irekiak».

Liburua sortzeko prozesuan bi garai edo arlo bereizi ditu Mutuberriak: diseinuarena eta ilustrazioena. «Diseinuaren aldetik, poema bakoitzak kaligrama bat dauka. Nik poema begiekin entzutea nahi nuen; irakurleak poema barruan dauden hotsak begiekin entzuten ditu. Eta, horretarako, nik inoiz egin ez dudana egin dut, diseinua egin dut, eta oso-oso estimulagarria izan da niretzat». Prozesuaren bigarren aldi batean, berriz, ilustrazioak sortu zituen. «Kasu honetan ikusten nuen poemak bere horretan bazuela indarra estetikoki, eta entitate propioa. Horregatik, erabaki nuen ilustrazioak testuetatik pixka bat aldentzea, bai fisikoki eta bai kontzeptu aldetik ere». Hala, atal bakoitzaren hasieran eta amaieran jarri zituen ilustrazioak. Kontzeptualki, berriz, «poema bisualak» egiten saiatu dela azaldu du. «Poemak abiatzen dira Leireren testutik, baina eraman nahi dute irakurlea beste leku batera; irakurlearengan galderak sorrarazi nahi dituzte». Ilustrazio guztietan giza gorputza da protagonista; azken batean, barruko hotsak gorputz barnean daudelako, eta hori sinbolizatu nahi zuelako. «Uste dut irudiak nahiko garbiak, zuzenak eta soilak direla, eta kolore paleta ere oso murritza erabili dudala».

Albuma sortzen asko gozatu izana aitortu du ilustratzaileak. «Mimo handi-handiz» egin dutela, eta gaineratu du espero duela irakurleak hori sumatzea.

Irakurri, ikusi eta entzuteko

Bi egileek beste «konplize bat» ere izan dutela azaldu du Bilbaok: Xabier Zabala musikaria. Izan ere, albumaren azken orrialdean QR kode baten bidez entzun daiteke hark sortutako pieza instrumentala, libururako beren-beregi egina eta haur baten egunaren soinu banda izan daitekeena. Musikagileak adierazi du horrelako proiektu batean parte hartzea «zerbait berria eta aukera polita» izan dela. Albumari hirugarren hizkuntza bat gehitu dio berak. Eta hizkuntza horrekin, egun bat, eguneroko bizitza bera kontatzea izan da haren asmoa. Hala, lasai antzera abiatzen da pieza, pixkanaka biziagotuz doa ondoren, eta apalduz, berriro, amaiera aldera.

Argitaletxeari ez ezik, musikagileari ere eskerrak eman dizkiote bai idazleak eta bai ilustratzaileak, haiek bota zioten«amuari» heltzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.