Gipuzkoako zahar etxeetan 27 eguneko grebara deitu dute

ELAk gogoratu du diputazioak finantzatzen duela %90, eta salatu du «sabotajea» egiten ari dela eta «gezurrak» esaten akordioaren aurka

Erredakzioa
Donostia
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Foru hauteskundeak ate joka, ELAk lanuzte gehiagotara deitu du Gipuzkoako zahar etxeetan, diputazioak orain arte agertu duen jarrera salatzeko. Denera, 27 greba egun antolatu ditu. Aurreneko deialdia apirilaren 1etik 12rakoa izango da, hilaren 26tik 30erakoa bigarrena, eta maiatzaren 1etik 10erakoa hirugarrena. Maiatzaren 26an izango dira foru gobernu berria aukeratzeko bozak.

Zahar etxeetako lan gatazka konpontzeko negoziazioak etenda daudela gogoratu du ELAk, eta egoera «oso larria» dela ohartarazi. «Sabotajea eta gezurrak» erabiltzea leporatu zion atzo diputazioari. Imanol Lasa aldundiko bozeramaileak, aldiz, sindikatuei eta patronalari egotzi zien egoeraren ardura; «arduratsu» jokatzeko eskatu zien biei, eta «lehenbailehen» akordio bat lortzeko: «Diputazioak ez du eskumenik gai honetan. Erraztaile izatea dagokio gatazka honetan», berretsi zuen Lasak atzo.

ELAk gogoratu duenez, Gipuzkoako zahar etxeak aldundiak finantzatzen ditu %90ean, eta instituzio hori da, hain justu, «traba gehien» jartzen ari dena sindikatuak eta patronalak akordio bat lor dezaten.

Negoziazio mahaitik kanpo, ELAk —langileen ordezkaritzaren %60 du— akordiorako oinarri bat hitzartzen jardun du patronalaren zati batekin. Sindikatuko horretako ordezkari Txomin Lasa Batzar Nagusietan izan zen aurreko astean; adierazi zuen akordiorako oinarri bat erdietsi dutela eta horren «frogak» erakutsi zituen. Salatu zuen, baina, aldundiak eragotzi duela akordio hori gauzatu ahal izatea. Hori ukatu egin du orain artean aldundiak.

Iazko irailetik protestan

Iazko irailetik protestan ari dira sektoreko langileak —Gipuzkoan 5.000 inguru dira denera—, eta grebak pilatzen ari dira. Sektore feminizatua dela gogoratu dute sindikatuek eta soldaten arrakala oso handia dela. Lan sarien igoera eskatu dute, atsedenaldi ordainduak, ratio hobeak eta aparteko sari egokiagoak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.