Alokairuaren prezioa %4 igo da azken urtean, Jaurlaritzaren esanetan

Irudian, Bilboko Otxarkoaga auzoko etxebizitzak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Bilbo
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Alokairuaren hileko batez besteko errentaren prezioa 651 eurokoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak atzo emandako datuen arabera. 2017ko eta 2018ko datuei erreparatuta, prezioaren igoera «esponentziala» antzeman dute; azken urtean %4koa izan da, hain zuzen. Arriolak berretsi duenez, hirigune handietan garestitzen da alokairuaren prezioa, baina, aldi berean, diferentzia handia dago hiriburuen artean. Donostiako batezbestekoa da altuena: 859 euro; Bilbon, 724 eurokoa da, eta Gasteizen, berriz, 593 eurokoa.

«Ulergaitza da: egun hipotekaren hileko batezbestekoa —611 euro— alokairuarena baino merkeagoa da», azaldu du Mario Jose Ioldik, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak. Alokairuan bizi direnak «errenta baxukoak» izaten direla ere nabarmendu du Ioldik.

Alokairuko Merkatuaren Estatistika (AME) aurkeztu zuen atzo Jaurlaritzak. Orain bi urte jarri zuten martxan egitasmo hori, alokairuen inguruko datuak biltzeko. 2017tik 46.890 kontratu aztertu dituzte, hau da, egun alokatuta dauden etxebizitzen %52,1. Halere, tresna berriak ez du kontuan hartzen etxebizitzaren metro koadro kopurua, alokairuaren prezioa garestiagoa edo merkeagoa den ondorioztatu ahal izateko. Hurrengo urteetan informazio gehiago biltzea aurreikusten dute, estatistikak egitean errealitatetik hurbilago egoteko asmoz.

Eskaera eta eskaintza

Era berean, Arriolak adierazi du etxebizitzak alokagai jartzeko edo alokairuak bilatzeko erabiltzen diren plataforma digitalak oso urrun daudela Jaurlaritzak argitaratutako datu horietatik. Sailburuaren arabera, errealitatea eta webgune horiek ez datoz bat prezioak jartzeko unean, eta herritarren kalterako gertatzen da hori: «Lortu nahi dugu higiezin agentziak eta errentatzaile pertsonalak alokairuko prezioak errealitatera gehiago estutzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.