Greba kopuruak nabarmen egin du gora 2018an

xabier martin
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
2018ko urtarriletik azarora areagotu egin zen greba kopurua (%11,3) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita greba horietan parte hartu zutenen kopurua ere (%0,75); halaber, lan egin gabeko lanaldien kopuruak gora egin du joan den urtean (%17,8).

Lan Harremanetarako Kontseiluaren arabera, hirugarren sektorean pilatu zen greba gehien: 140. Grebaren baten eraginpean egon ziren 40.343 langile, eta jardun gabeko lanaldiak 67.614 izan ziren. Industrian, 73 lanuzte egin ziren, eta 4.982 langile izan ziren haien eraginpean; lan egin gabeko lanaldiak, berriz,27.582 izan ziren. Eraikuntzan hiru greba erregistratu ziren. Lanuzte horiek 69 langile hartu zituzten eraginpean, eta 86 lanaldi galdu ziren.

2018an, 222 hitzarmen erregistratu ziren, eta itun horiek 88.160 langile hartu dituzte eraginpean. Negoziazio kolektiboak bost urtean izandako emaitzarik hoberenak lortu ditu joan den urtean. Sektoreko 21 hitzarmen erregistratu ziren Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, eta akordio horiek 67.211 pertsona babestu dituzte. Baina itun horien erdiek baino gutxiagok jaso dituzte kontziliazio neurriak.

Kontziliazioa ahaztuta

Kontziliazio neurriei dagokienez, ez da ikusten aurrerapen esanguratsurik berritutako itunetan. Indarrean dauden 717 hitzarmen kolektiboetatik soilik %45,2k (324 itun) ezartzen dituzte neurriak lan bizitza eta familia bizitza bateragarri egiteko. Neurri gehienak lotuta daude edoskitzearekin eta familia ugariekin.

Estatalizazioari dagokionez, eragina duten Espainiako eremuko 95 hitzarmen jaso ditu 2018an;58.134 langileri eragin diete akordio horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.