Joan Mari Torrealdairi omenaldia

Jarraipena izango duen maratoia

Arratsaldeko omenaldiaren aurretik, Torrealdaik sei hamarkadako ibilbide profesionalean eginiko ekarpenak errepasatzeko jardunaldia egin zuten Martin Ugalde parkean, lau hitzaldirekin

Lorea Agirrek gidatu zuen Torrealdairen ibilbideari buruzko saioa. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Joan Mari Torrealdairenaren moduko ibilbide luze bezain oparo bat nekez laburbildu daiteke hiru orduko jardunaldi batean pisuzko hainbat ekarpen albora utzi gabe, baina atzo Martin Ugalde parkean aipatutakoekin argi geratu zen zeintzuk izan ziren haren izaera eta eginiko lanaren ezaugarriak: euskararen eta kulturaren autonomia, herri ekimena, militantismo profesionala,bokazio bateragilea, nazio ikuspegia, egituratzea, transmisioa...

Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak gidaturiko saioan, Torrealdaik hainbat arlo profesionaletan utzitako arrastoa errepasatu zuten haren bidelagun izandakoek, Berria Telebistaren bidez ere jarraitu ahal izan ziren lau hitzaldiren bitartez. Zehazki, euskalgintzan, liburugintzaren ikerketan, zentsuraren azterketan eta kazetaritzan egindako ekarpenak izan zituzten hizpide, haren pentsamendua eta praktikarako joera ezagutu eta eginiko bideari jarraipena nola eman hausnartzeko.

Agirrek berak azaldu zuenez, Torrealdai «hainbat landare ernarazi zituen larre bat» izan zen, jendea bildu eta proiektuak abiarazteko zuen gaitasunagatik egitura mordoa sortu eta iraunarazteko gai izan zelako. Frankismopean euskalgintzaren inguruan bildu zirenak herentziarik gabe iritsi zirela aipatzen omen zuen, eta, horregatik, Joxe Azurmendi bere adiskide eta lankide izandakoak esan modura, «borroka balitz bezala» lan egin zuen bere bizitza osoan zehar. Agirrek gogora ekarri zuen Torrealdaik behin esandakoa: «Gu maratoia korritzera atera gara, euskalgintzan, kulturgintzan eta herrigintzan». Eta, eginiko lan guztiari esker, haren lekukoak bidea egiten jarraituko du aurrerantzean ere.

Euskal filologian lizentziaduna, Leitzako Udalean euskara teknikaria eta euskalgintzako ekintzailea den Dabid Anautek eskaini zuen lehen hitzaldia, Torrealdaik euskarari eta euskalgintzari egindako ekarpena aztertuz. Azaldu zuenez,euskara bere bizitzako ardatz bezala ikusten zuen modura, Euskal Herria ere euskararen inguruan ardazten zela usten zuen Torrealdaik, kultur hizkuntza bezala sendotzeko beharra identifikatzen lehenetarikoa izan zelarik: «Bera euskararen normalizazioaren ikuspegira iritsi zen, terminoa bera gure artean zabaldu baino dexente lehenago».

Euskararen alde eginiko ekarpenen artetik, erakunde euskaltzaletan izandako parte hartzea eta hizkuntzaren zapalkuntzaren aurka eginiko salaketak nabarmendu zituen Anautek, eta baita euskara batuarekiko hasieratik izan zuen konpromisoa ere. Halaber, euskal filologoak gogoratu zuen Torrealdaik, BERRIAri hil aurretik eskainitako elkarrizketa batean, euskararen normalizazioan «elkarlanean urrats sendoak» ematen jarraitzeko enkargua utzi ziola euskalgintzari, eta hura omentzeko modu onena enkargu hori betetzea dela esanez amaitu zuen Anautek bere hitzaldia.

Ondotik, Xabier Eizagirre Jakin-eko erredakzioburuak hartu zuen hitza, Torrealdaik liburugintzaren ikerketan eginiko ekarpenak errepasatzeko. Hark gogoratu zuen, Torrealdaik Parisen soziologia ikasketak egin eta gero, euskal liburugintza ikuspegi soziologiko batetik aztertzeko helburuarekin itzuli zela Euskal Herrira, «hutsune» hori identifikatu zuelako. Ezagirrek azaldu zuen Jakineko zuzendaria zenak liburuak «gizartearen ispilu» modura ikusten zituela: «Hipotesi bat zekarren; liburugintza aztertuz, euskal kultura eta gizartea nola dauden jakin dezakegula».

Hala, 1976tik aurrera, euskal liburuen urteroko ekoizpena jasotzeko lana egin zuen Jakinen bere azken urtera arte, lan hori egiteko ardura erakunde publikoei zegokiela defendatu eta liburuen behatoki baten sorrera proposatu bazuen ere. Hura eta euskal liburutegi nazionala izan ziren, hain zuzen, Torrealdaik beterik ikusi ezin izan zituen bi ametsak, Eizagirreren arabera.

Lourdes Otaegi EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasleak, berriz, Torrealdaik zentsuraren aurka eginiko lanari buruz hitz egin zuen, bere ibilbide biografikoari loturiko zerbait izan zela gogoratuz. Hain zuzen, Jakin aldizkariaren agindutako itxierak eraman zuen 1969an Frantziara ikastera, eta Euskaldunon Egunkariaren itxierak eta gerora jasandakoek ere pisu handia izan zuten bere bizitzan eta lanean.

Euskararen liburu beltza,Asedio al Euskera: Más alla del libro negro eta De la hoguera al lapiz rojo liburuekin euskarak jasandako zentsura mahaigaineratu zuen Torrealdaik, eta borroka hori oroimenaren aldeko defentsan kokatu zuen Otaegik: «Memoriagabetze programatuaren aurka egin zuen, memoria horren lekukotza uzteko liburuak idatziz».

Azkenik,Imanol Murua EHUko Kazetaritza II Saileko irakaslea eta Jakin Taldeko kidea Torrealdaik euskal kazetaritzari egindako ekarpenei buruz aritu zen, Anaitasuna aldizkarian Leopoldo Zugazari egin zion lehen elkarrizketatik abiatuta, Jakinen eta Euskaldunon Egunkariaren alde eginiko lana errepasatuz, aurten argitaratuko den bere azken liburura iritsi arte (Egunkaria: gizarte zibilaren arrakasta): «Euskal kazetaritzan, Joan Marik eta bera bezalakoek irekitako ateei esker daukagu orain daukaguna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.