Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Musua musuago

2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Dagoeneko, mugaren bi aldeetan, muturrak agerian plazaratzen ahalko gara, Hegoaldean hala ere, jendeen artean bi metroko distantzia atxiki beharko dela. Hemen, zineman, autobusean edo karrikan, aerosol xorten eskueran kausitzen ditugu maiz erkideak. Arriskua ahanzten ari gara, baina bat batean, urrats bat gibelera egiten dugu, maskara kokotx azpitik sudur puntara ekartzen eta solaskidearen begi beltzen ximixtak sutzen ikusten ditugu. Orduan, aingeru bat pasatzen da. Hitz bila lehiatzen gara, isiltasun dorpea astuntzen ez uzteko. Koronabirusak salbaitsu egin gaitu: ideia likitsez kutsa gaitzaketen diskurtsoei ihes gabiltza, garai hauetan birus aurrefaxistak ugaritudirelako munduko zazpi izkinetan, eta horien kontra txertorik ez.

Musuen trukatzeko tenorea hor dugu. Uda atarian, besarkadak, tinkak eta pottak hegaldatuko dira, jendez jende, matelaz matela, ezpainez ezpain. Gorputzen pilpiraz ikaratuko gara, jestu samurrak mamurtuko ditugu lepondo izerdituetan eta arrats apaletan soak misterioz beteko zaizkigu. Musua, musuago bilakatuko da, (m)usurbilko poetarentzat, iparraldeko haizearen menean dantza dantzago bihurtzen zenean bezala. Aktualitateak argi erakusten digu ez garela oraino horretan. Duela zenbait egun, zaflako ozen batek minberatu zuen Macron presidentearen eta herritar pare baten arteko harreman fisikoen eremu ireki berria. Egiazko lése-majesté krimena, horrelakorik baldin bada. Sare sozialetan ikusi genuenez, Macronek ez zion haatik, eskuineko matelarik eskaini, bigarren belarrondo biblikoaren hartzeko.

Haurtzarotik ikasi dugu zafla batek ez duela sekulan haur mukizu bati gaizkirik egiten. Alderantziz. Iraganeko diskurtsoen arabera, ume bat jo omen daiteke, hatzik uzten ez den ber. Musu baino masaileko gehiago bilduak gara gu ere. Bitxiki, kontrara, hamasei hilabeteko COVID-19 episodiotik jalgitzean laztan ametsetan urtzen gara, jendetasun eta eztitasun premian, zerratuak pasatu ditugun egun luzeetako bortizkeria barneratuak eta bizi-ukamen oldeak ezabatzearren. Beharbada etorkizuna idealizatzen dugu. Koronabirusa gure artean egongo da beti, halako ez-bai nahasi batean. Neoliberalen zorion perfektu eta infinituaren promesaren miraila hautsi da. Gaur egun badakigu, ez bagenekien aitzinetik, hilezkorrak garela eta algoritmoen baliabide teknikoak beti birusen atzetik joango direla, iragartzen diren biharko gaitzak eta minak mendera ezin.

Pandemiaren ondorioz, uda honetan, askorekin partekatzen dugun ahultasun inkondizionalaren izenean, musua musuago egin bedi. Izan funtsa!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.