Beltzen bizien aldeko aldarria

George Floyd eta Elhadji Ndiaye oroitu dituzte Iruñean. Egiturazko arrazakeria» salatu dute

Hainbat lagun, atzo, Iruñeko Arrotxapea auzoan, arrazakeriaren aurka protesta egiten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Orain, pentsa ezazue denok galdutako bizi beltz guztietan; kideak galdu dituzten familietan, soilik azalaren kolorearengatik. Balioa dugu, ahotsa, adimena, indarra, eta ez dugu merezi gertatzen ari dena». Karima Bah Flor de Africa taldeko gaztearen hitzek hartu zuten atzo goizean Marcelo Zelaieta eta Artika kaleen arteko gunea. Han bildutakoek adi entzun zituzten elkarteko bozeramailearen eta haren kideen aldarriak, eta «gora borroka antirrazista» oihukatu zuten behin eta berriz haiekin. Hori izan baitzen mezu nagusia Elhadji Ndiaye eta George Floyd oroitzeko elkarretaratzean. Arrazismoaren aurkako hainbat taldek antolatu zuten, Black Lives Matter lelopean (beltzen biziak axola du).

Ikusi gehiago: argazki bilduma

Ez zen Ndiaye toki horretan omentzen zuten lehen aldia, baina atzoko ekitaldiak indar berezia hartu zuen, Poliziak AEBetan hildako George Floyd gogoratzeko ere balio izan zuelako. 2016ko urrian, Iruñeko Arrotxapea auzoan, Espainiako poliziek Ndiaye gazte senegaldarra bortizki atxilotu zuten: lurrean izan zuten, mugitu ezinda, eta arrastaka eraman zuten furgonetaraino. Poliziaren arabera, gaztea ziegara eramateko bidean konturatu ziren ez zuela arnasarik hartzen, eta Chinchilla kaleko egoitzan hil zen. Gerora zabaldu ziren lekukotasunek, ordea, zalantzan jarri zuten bertsio ofiziala: erakutsi zuten kalean bertan utzi zutela Ndiaye konorterik gabe. Oraindik ez da gertatutakoa argitu.

2017an, haren omenezko plaka bat jarri zuten atxilotu zuten tokian. Atzo, Ndiaye eta Floyd oroitzeko minutu bateko isilunea egin zuten han, eta krabelinak utzi zituzten plakaren ondoan. Maskarekin eta distantziak mantenduz egin zuten protesta, baina neurriek ez zioten indarra kendu.

Amorrua antolatu

Flor de Africa, SOS Arrazakeria eta Africa United taldeetako kideek hartu zuten hitza, eta Poliziak hil dituen pertsona beltz guztiak izan zituzten gogoan. SOS Arrazakeriako Ebru Donek egiturazko arrazakeria salatu zuen: «Nazkatuta gaude: Poliziaren gehiegikeriak, atxiloketa bortitzak, identifikazioak eta kontrol diskriminatzaileak ez dira kasualitatea». Horren aurrean, «amorrua antolatzearen garrantzia» nabarmendu zuen. Ndiaye gogoratzen jarraitzen duten moduan, Floyd ere ez dutela ahaztuko ziurtatu zuen: «Amorru honen hazia bularrean eramango dugu beti, justiziaren alde borrokan jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.